Bi bilera egin dituzte gurasoek, Astigarraga DBH mugimenduaren barruan, herriak DBH ahalik eta azkarren izan dezan lan egiteko. Eta datorren ostegunerako, haurrentzako aurreneko ekintza antolatu dute: sormen-jarduera, Etorkizunera bide eginez, Astigarragan hazi, Astigarragan hezi lelopean.
Herri Eskolako patioan izango da, arratsaldeko 16:30etan hasita, eta haur guztiak animatu dituzte bertaratzera, «familia osoarekin». Izan ere, guztien artean egiteko ekintzak prestatu dituzte.
Hainbat txoko, patioan
Haurren sormenari bidea egiteko, txoko ezberdinak jarriko dituzte, Herri Eskolako patioan. Horrela, pentsamenduen txoko bat izango da, bakoitzak marrazki bidez edo idatziz, gustukoen duen moduan, azaldu dezan zer den Astigarraga DBH mugimendua berarentzat, nolakoa izan beharko lukeen Astigarragako DBHk...
Beste txoko batzuk, izango dira jolas eta algarei eskainitakoak: gometxak egiteko txokoa, margotzeko eta marrazteko guneak... Eta azkenik, eskulan erraldoi bat ere prestatu dute, guztien artean egiteko.
Sormen-jarduera honekin, mugimenduaren parte egin nahi dituzte haurrak ere: «zuek institutua herrian bertan izan dezazuen ari gara borrokan, bileretan. Goizero autobusa hartu eta batetik bestera ibili ez zaitezten mobilizatzen. Lagundu nahi diguzue? Etorri ostegunean eta parte hartu! Zuen iritzia jakin nahi dugu!».
Korrika iristearekin batera, «beste ekintza haundi bat»
Astigarraga DBH mugimenduak aurreratu du, bestalde, apirilean beste ekintza haundi bat ere egiteko asmoa daukatela. Korrika Astigarragara iristearekin batera egin nahi dute, baina oraingoz, ez dute gehiago zehaztu, horren inguruan. Ekintzak lotu ahala jakinaraziko dituzte, sare sozialetan eta webgunean: sites.google.com/ view/astigarragadbh.