Hernaniko Ernai, LAB eta Sortuk bat egin dute gaurko Sarek, Orain Presoak ekimenaren barruan, deitutako manifestazioarekin. Buruntzaldeko Sarek deituta manifestazioa izango da gaur Hernanin, gaixo larri dauden presoak askatzeko, arratsaldeko 20:00etan abiatuko da Gudarien plazatik.
«Hernaniko ezker abertzaleak ez du onartzen presoak kartzelan akabatzea helburu duen espetxe politikarik. Dagoeneko 30 preso hil dira kartzelan, edo kartzelatik gaixotasun larriekin atera ondoren» dio Sortuk.
Ezker abertzalearen esanetan: «aspalditik ari da gehiegi luzatzen sufrimendua, bai preso politikoena eta baita beren hurbilekoena ere. Izan ere, espetxe politika krudel honek fase politiko berri bat ez irekitzea du helburu, hau da, prozesu independentista galaraztea».
Ezker abertzaleak preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko legeak bertan behera uzteko eskatzen du, gaixo larri dauden presoak berehala askatzeko. «Preso politiko guztiak etxera ekarri nahi ditugu, preso politikorik gabeko herri libre batean bizi nahi dugu. Ostiralean denok Sareren manifara!».
Hernani eta Lasarte-Oriako Orain Presoak ekimenak antolatutako ekimenen barruan kokatzen da manifestazioa. Martxoaren 26an egin zen lehenengo ekitaldia lasarten Azken Arnasa dokumentalaren proiekzioarekin eta hurrengo egunean Maritxipi eta amatxo ipuina eskaini zen Biterin. LABek ohiko konzentrazioa egingo du 12etan Zinkoenean.