Apirilaren 7an osasunaren nazioarteko eguna ospatzen dela eta, urtero lez larriki gaixorik dauden presoen afera kaleratu nahi dugu.
Espainia eta Frantziako kartzeletan dauden preso gaixoen zerrenda etengabe handitzen ari da. Gure eskualdeko Gari eta Ibon presoek urteak daramatzate zerrenda horretan. Garik aldebiko uveitis akutua eta espondilitis enkilopoietikoa dauka eta Ibonek, berriz, esklerosi anizkoitza. Beste askok minbizia, antsietatea, depresioa, eta bestelako nahasmenen bat pairatzen dute, espetxe barruko baldintzak oso gogorrak baitira; are gehiago euskal preso politikoentzat.
Espetxea eta osasuna ez dira bateragarriak, eta jendartea horretaz jabetzea ezinbestekoa da. Eskatu beharko litzatekeen gutxienekoa da, gaixo dagoen preso bat kaleratzeko erabakia mediku profesionalen irizpideen arabera hartua izatea, eta ez, egun bezala, etekin politikoa bilatuz, mendeku gosez jarduten dutenen baitako erabakia izatea. Profesionaltasuna eta giza eskubideak bermatzea da eskatzen duguna.
Sare handi bat ehundu behar dugu giza eskubideen urraketa eta gehiegikeria guztiak indargabetzeko. Izan ere, gaixo dauden presoak berehala kaleratzea lortu behar dugu, egunero jasaten dituzten arau-urraketa, istorio beltz eta latz horiei amaiera duin bat emateko, eta heriotzera kondenatuak ez izateko.
Buruntza aldeko Sarek antolatuta, ostiralean [bihar], apirilaren 5ean arratseko 20:00etan, Gudari Enparantzatik abiatuta manifestazioa egingo dugu Hernanin. Etorri bidegabekeria hau salatzera.
Aitziber Larramendi Muxika eta Itziar Mujika Garitano