Pasa den larunbatean izan zen Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna, eta hori aprobetxatuz, bi jarduera antolatu dituzte Amher elkarteak, Iturola Elkarlan Sorguneak, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Berdintasun Kontseiluak elkarlanean.
Larunbatean izango da aurreneko zita, Iturola Elkarlan Sorgunean (Florida auzoa, 28). Etxeko langileen eskubideez arituko dira bertan; hitzaldia eskainiko dute Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kideak eta Katia Reimberg BidezBide elkarteko kideak.
Arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara bitarte izango da aurreneko ekintza hau.
Dokumentala, asteartean
Gai berdinaren bueltan, beste jarduera bat ere antolatu dute. Hurrengo asteartean jarri dute zita, Biterin, eta bi zatitan banatuta egingo dute. Hasteko, 19:00etan, etxeko langileen inguruko dokumentala eskainiko dute, SOS Arrazakeria elkartearen eskutik. Eta ondoren, arratsaldeko 19:30etan hasita, Hernaniko etxeko langileen testigantzak entzun ahal izango dira, baita haien proposamenak ere.