Neska kadeteek atseden hartuta, boleiboleko jubenil eta infantilek jokatu dute asteburuan, eta biek lortu dute garaipena. Jubenilen kasuan, aurrenekoa dute Gipuzkoako Ligan, estreinako partidua galdu ondoren. 3-2 nagusitu ziren, Arantzazuko Ama taldearen kontra (22-25, 25-16, 25-16, 25-27, eta 16-14).
Partidu gehiago jokatu dituzte neska infantilek, dagoeneko. Eta aurreneko zortzietatik zazpi irabazi ondoren, berriro irabazi zuten Aldapetan, larunbatean, Summa 1 taldearen kontra (21-25, 17-25 eta 19-25). Horrela, sailkapeneko bigarren postuan daude, liderra puntu bakarrera dutela; partidu bat gutxiago jokatu dute, gainera. Bizi-bizirik daude, beraz, helburua lortzeko: iaz lortutako txapela errepikatzea.
DBH 1 eta 2ko hamar neskak osatzen dute taldea; batzuk iaz txapeldun izandakoak, berriak besteak. Tartean, Venezuela eta Nikaraguako neska bana: «primeran sartu dira taldean, eta ikusi dugu, integraziorako baliabide ere badela kirola». Joko maila hobetu nahi du taldeak, azkeneko sei partiduetan.
Argazkian, neska infantilen taldea: Larraitz Lujanbio (2), Ainhoa Garin (1), Ainhitze Oyarbide kapitaina (5), Araitz San Emeterio (3), Naroa Galarza (14), Camila Araque (6), Debbie Galo bigarren kapitaina (9), Nahia Elosegi (4), Irati Ziganda (8), eta Nora Arcelus (10).