Bigarren testa zeukan larunbatean, Hernaniko Maialen traineruak, San Pedron. Baina despiste batekin ekin zion: minutu erdi beranduago iritsi zen irteerara. Hori horrela, azkenaurreko postuan bukatu zuen, baina despistea kenduta, baleko emaitza lortu zuten; izan ere, udaran aurkari izango dituztenekin, paretsu aritu ziren hernaniarrak, bigarren luzean. Orain, lanean segiko dute, ekainera ahalik eta ondoen iristeko.
Neska infantilak laugarren, Gipuzkoako Batel Ligan
Bestalde, jokatu zituzten Gipuzkoako Batel Ligako azkeneko bi jardunaldiak, emaitza apalak lortuz: erdi parean infantilak, eta beherago kadete eta jubenilak. Hala ere, laugarren bukatu dute liga, neska infantilek; seigarren mutil infantilek, zortzigarren mutil jubenilek, 10garren neska kadeteek, eta 14garren mutil kadeteek.
Gipuzkoako Txapelketa dute asteburu honetan, Pasaian; eta Euskadikoa hurrengoan, Legution. Bigarrenera, neska absolutuen batela ere eraman nahi dute, ligako bi estropadetan emaitza onak lortu ondoren.