Txistulari gazteak izan ziren protagonista atzo, Hernaniko Txistulari Jaialdiaren aurreneko egunean. Milagrosan egin zuten Txistulari Gazteen Txapelketa eta taldeko txapela etxean geratu zen Txilibitak eraman baitzuen sari nagusia.
Manex Iturrieta durangarrak jaso zuen sari nagusia, 12 urte arteko bakarlarietan; Leire Retegi leitzarrak 13-16 urte bitartekoetan pasa den urteko garaipena errepikatu zuen.
Gaur, berriz, txistulari gazteak bakarrik ez, adin guztietakoak, eta Euskal Herri osotik etorritakoak, aterako dira kalera, Txistulari Topaketarekin. Goizeko 10:15etan abiatuko dira, herriko kaleetan eta inguruko auzoetan dianak jotzera. 12:30etan aterako dira berriro kalejiran, Plazan bukatzeko, ttun-ttunarekin.