EUSKALTZALEEN Topaguneak eta Goizueta, Arano, Leitza eta Aresoko Euskara Zerbitzuek antolatuta, Irakurri, gozatu eta oparitu ekimena jarri zuten martxan aurreko astean, eta maiatzaren 31ra bitarte luzatuko da. Hirugarren edizioa izanen dute, aurtengoa.
Euskerazko liburuak irakurtzea, helburu
Ekimenaren helburua da «herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatzea, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz», azaldu dute antolatzaileek.
Horretarako, «besteak beste, parte hartzea saritzen du egitasmoak, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatuz».
Hiru pausu, parte hartzeko
Hori lortzeko, ordea, hiru pausu eman beharko ditu irakurleak.
Aurrenekoa, irakurtzea: «herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izanen duzu». Bigarrena, liburuarekin gozatzea, hau da, «liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko».
Eta hirugarrena, lagun bati, senide bati, edo norbere buruari oparitzea.
Deskontuak, euskarazko liburuetan
Liburutegian jasotako txekeari esker, %35 merkeago erosteko aukera izanen da. Gainera, apirila eta maiatza bukaeran 30 euroko balioa duen txeke bana zozketatuko da liburutegi bakoitzean. Euskerazko edozein liburu erosteko balio izanen du.
Goizuetar eta aranoarren kasuan, Hernaniko Elkar liburudendan trukatu ahal izanen dute txekea. Ekainaren 15era bitarte izanen da aukera, nahiz eta ekimena maiatzaren 31n bukatu.