Otsaileko Plenoaren faltan, pasa den ostegunean egin zen urteko bigarren Plenoa, Udalean. Urtarrileko akta onartuta, apirilaren 28ko hauteskundeetarako mahai-kideeak izendatzeko zozketa egin zuten; laster jasoko dute abisua, mahaian egotea egokitu zaienek. Bakoitzeko, lehendakaria eta lehenengo eta bigarren bokalak izendatu ziren, eta postu bakoitzeko bina ordezko.
Segidan, aho batez onartu ziren hainbat puntu, EH Bildu eta EAJko zinegotzi guztien aldeko botoekin: 2017-2019ko diru-laguntzen plan estrategikoan aldaketa bat egitea, landalurreko bide eta lursailen udal-inbentarioan herri-bide berri baten fitxa onartzea, Udaleko lanpostuen zerrendaren eta plantila organikoaren zati bat aldatzea udaltzain postu bat hutsik geratu delako eta beste bat eszedentzian dagoelako, eta Ubarburuko zabalpenaren inguruko auzi-errekurtsoarekin jarraitzea.
Beste gai batzuk ere onartu ziren aho batez, zinegotzien arteko desadostasunak agertu baziren ere.
Beterri-Buruntzako garapen mankomunitatearekin eta Berdintasuneko Gutunarekin, aurrera
Aho batez onartu ziren puntuen artean, adostu zen Beterri-Buruntza eskualdeko tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako mankomunitatearen sorreran «aktiboki parte hartzea». Zorione Etxezarraga alkateak adierazi zuenez, «Astigarragak sorreran parte hartu du», eta nahiz eta «aurrekontuei dagokienean udalerri bat baden momentu honetan parte hartu ezin duena, horrek ez du bidea ixten etorkizunerako. Beraz, mankomunitatearen egitura legealdi bukaerarako martxan jartzea» espero da. Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen «izendapenekin ados ez egon arren» aldeko botoa emango zutela. «Astigarragako alderdi bozkatuenari ordezkaritza ukatu zaio».
Bestalde, aho batez onartu zen baita ere Berdintasuneko Europako Gutuna sinatzea. Ramon Aranzasti, berdintasun arloko zinegotziak azaldu zuen «eskumenak ikusarazi eta berdintasunaren aldeko ekintzak babestea» dela gutunaren helburua. Aldeko botoa eman arren, EH Bildutik Andoni Gartziak adierazi zuen «sareetan atxikitzeko ohitura» dagoela, baina ekintzetan «hankamotz» geratzen dela Udala. «Mozioak onartu eta gero ez da ezer egiten; emakumeen biografiekin plakak jartzea onartu zen orain 3 urte eta ez da ezer egin. Atxikituko gara, baina ez dadila horretan geratu».
Udala urdinez argiztatuko da apirilaren 2an, Autismoaren Munduko Egunean.
Garraio publikoak, eztabaida
EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen autobus garraio publikoan murrizketarik ez aplikatzeko (www.kronika.eus webgunean ikusgai), eta EH Bilduren aldeko 6 botoak eta EAJren kontrako 6 jaso zituen; beraz, alkatearen kalitateazko botoarekin, baztertu egin zen.
Eztabaida izan zen, EH Bilduren ustez «akatsa» delako mozioa ez onartzea. Gartziak azaldu zuen herritarren inkestetako emaitzak kontuan hartuta, eskatzen diotela Diputazioari eta Batzar Nagusiei autobus zerbitzuan murrizketarik ez aplikatzeko eta ospitaletako linea kontenplatzeko. Nerea Zusberro zinegotziak erantzun zion «udal gobernu talde honek behin eta berriz eskatu duela Astigarragako zerbitzua bere horretan uztea eta herritarren inkestak kontuan hartuta, ospitale eta unibertsitateetarako linea jartzea». Beraz, mozioko puntu batzuk martxan daudelako eta beste bat Udalaren eskumena ez delako, kontra bozkatu zuten; «berresten dugu PSEk azaroan aurkeztutako mozioa». Alkateak gehitu zuen «elkarlanean» ari direla Mugikortasun Sailarekin eta ez dutela erakundeen arteko liskarretan sartu nahi. «Zer gertatzen den ikusi, eta herria kaltetuz gero, tribunaletara joko dugu, behar bada».
Autismoaren egunean, argia
Plenora eraman zen EH Bilduren beste mozio bat ere, Martxoaren 8ko greba feminista babesteko, baina dagoeneko zentzurik ez zuelako bozkatu gabe geratu zen. Alkateak azaldu zuen aurkeztu eta hiru hilabeteko epean Plenora eraman behar direla mozioak, eta Andoni Gartzia kexu azaldu zen Berdintasun Batzordean bozkatu gabe geratu zelako eta otsailean Plenorik egin ez zelako.
Bukatzeko, aho batez onartu zen herritar baten mozioa, Autismoaren Munduko Egunean udaletxea urdinez argiztatzeko eskatzen duena. Apirilaren 2a da Autismoaren Munduko Eguna, eta Gautenak bat egin du LIUB kanpainarekin; Udala urdinez argiztatuko da asteartean, eta herritarrei eskatzen zaie argazkiak egin eta Gautenako sare sozialekin partekatzeko.
Azkenik, galdera eta erreguetan, EH Bilduk informazioa eskatu zuen Haurreskola, DBH, Ergobiako zubia, Anuskako irisgarritasuna eta bete hainbat konturen inguruan. Azalpenak eman zituen Zorione Etxezarraga alkateak, eta gai batzuk datorren asteko Hirigintza Batzordean landuko direla argitu zuen.