Gero eta erritmo azkarragoetan bizi dira herritarrak gaur egun: lana, kontziliazioa, kirola... horrek aldapatsua egin dezake etxe baten itxuraldaketa. Eta horretarako bidelagun perfektua bilatzea izango da gakoa. Horien artean daude, hain zuzen, Hernaniko Iñaki Alkorta barne-diseinatzailea eta Dekolanakeko taldea.
Etxe zaharrak erreformatzea, behar haundiena
«Bezeroen beharretara egokitzen gara» onartzen du Dekolanakek eta berresten du Iñaki Alkortak. Dena den, herritarren artean identifikatuta daukate zein den behar haundiena: «erreforma integrala egitea, hau da, etxea guztiz berritzea», onartzen du Iñaki Alkortak.
Eta ildo beretik hitz egiten du Dekolanakek: «bezeroak etxea erosi baino lehen izaten du aurreneko harremana gurekin; orduan hasten da gure interbentzioa. Hala, kalkulatu dezakete zenbat balio duen etxeak eta zenbateko kostua izango duen erreformak».
Behin etxea erosita, helburua izango da «bizi behar duen familiaren ezaugarrietara egokitzea etxea, haien beharretara eta bizimodura», Iñaki Alkorta barne-diseinuaren esanetan.
Bide horretan, hasierako planifikazioa ezinbestekoa dela diote. «Obra baino lehen dena landu beharra» nabarmentzen dute Dekolanaketik. Iñaki Alkortatik egituraren garrantzia azpimarratzen dute: «denbora gehiena joaten da distribuzio on bat egiten».
Bukaerarako uzten dute biek, apainketa eta osagarriak.
Ohikoena da «erreforma integrala egitea, hau da, etxea guztiz berritzea»
Etxea berria denean ere, badaude esku-hartze aukerak
Etxe berri bat erosteak ez du esan nahi egitekorik ez dagoenik, eta hori ederki ondo dakite Iñaki Alkorta eta Dekolanakeko langileek. Azkenaldian joera oso zehatza izaten ari direla diote aurrenekoek:?«erosterakoan kontrustruktorak aukera ematen dizu gauza batzuk aldatzeko. Horren aurrean, guregana jotzen dute zer hobetu daitekeen galdetzeko. Gure aldetik landu, eta konstruktorarekin egiten dugu kontaktua. Horrelakoetan, normalean, gauzak ez dira tokiz aldatzen».
Hori ez hainbeste, eta beste bi kontu aipatzen dituzte Dekolanakeko langileek: «bi kasu daude. Aurretik, eraikitzaileekin, aldaketak egin ez dituztenek, erreforma partzialak eskatu ditzakete (elektrizitate kontuak, manparak jartzea, etab.), baita altzariz hornitzea ere. Hau da, kasu hauetan, ?etxea jantzi? egiten da. Aurretik aldaketak egin dituztenek, aldiz, apainketa lanak besterik ez dituzte eskatzen».
Alokatzeko etxeak direnean, «eskaera da ahalik eta aurrekontu txikienarekin, ahalik eta aldaketa haundiena lortzea»
Alokairurako ere, lan txikiak
Etxea alokairuan jartzen denean profesional hauengana gerturatzen denik ere badago, nahiz eta hain ohikoa ez izan. Kasu hauetan, «inbertsio gutxiago eta praktikotasun gehiago» eskatzen dutela onartzen dute Iñaki Alkortako kideek. Izan ere, «normalean argi izaten dute beraiek ez daukatela han bizitzeko asmorik, eta beraz, apainketari ez diote garrantzia haundirik ematen».
Haien ustez, helburua izaten da «oinarrizko obra egitea, eta gauzak jartzea gehiago iraun dezaten». Beraien beldurra baita «alokatzen duenak nola mantenduko duen».
Ildo beretik hitz egiten du Dekolanakek: «eskaera da ahalik eta aurrekontu txikienarekin, ahalik eta aldaketa haundiena lortzea». Eta gehitzen du: «eta aldaketa hori estetikoa izatea bereziki, hau da, polita izatea».
Kasu horietan, Dekolanakeko taldeak aurretiko lan bat ere egiten duela diote: «aurrena, etxea garbitu egin behar da, gauzak hautatu eta besteak kendu. Prozesua izaten da: hustu, kendu eta aurpegia garbitu». Horretarako, herriko beste profesionalen laguntza ere izaten dute.
Dekolanakek azaltzen du, baita ere, prozesu bera erabiltzen duela etxe bat salmentan jartzerakoan ere.
«Oinarrizko koloreak, neutroagoak»
Nahiz eta norberak bere gustuko etxea eraiki behar duen, tendentziekin bat egiten dute herriko diseinatzaile eta erreformistek ere. «Egun oinarrizko koloreak eta neutroak» dira azkeneko urteetan zabaldu direnak, diseinuan sakontzeko jokoa ematen baitute: «testurekin, ondoren, kolorea eman dezakegu», diote Iñaki Alkorta barne-diseinuko kideek.
Zentzu horretan, «diseinuari eta distribuzioari» garrantzia haundiagoa ematen zaio egun, Dekolanaken iritziz. Eta bigarren kontu horri heltzen diote Iñaki Alkortatik: «lehen etxeak haundiagoak ziren; egun, espazioak gehiago aprobetxatu behar dira, helburua baita metroak ez galtzea». Horretan laguntzeko prest daude.