Bilera egin zuten asteartean Lakuan, Gasteizen, Hernaniko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ordezkariek. Bertan aurkeztu zizkieten, herriko airearen kalitatearen inguruan egindako txostenaren emaitzak, eta «isurketak hobeto kontrolatzeko pausuak eman ditzan» eskatu zieten udal ordezkariek, Luis Intxauspe alkateak eta Mattin Aldaia Ingurumen zinegotziak.
Ivan Pedreira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren arduradunak, eta sail horretako teknikariek, berretsi zuten, Jaurlaritzak egiten dituela «isurketen inguruan indarrean dagoen legediak ezarritako kontrol guztiak», eta Hernaniko enpresek betetzen dituztela.
Bileran adostu zuten, Jaurlaritzak Udalarekin konpartituko dituela, «Ingurumeneko Baimen Bateratua duten Hernaniko enpresengandik jasotzen dituen datuak», Udalak berak azaldu duenez. Guztira, zortzi enpresak dute Baimen Bateratua Hernanin, eta urtero bidaltzen dizkiote Jaurlaritzari, haien isurketen datuak.
«Industria guneetan sortzen da kutsadura gehien, eta sustantzia batzuek, baimendutako kopurua gainditzen dute maiz»
Udalak eskatu zion, bestalde, Hernani sartzea kanpaina berezietan. Izan ere, herrietan jartzen dituen neurgailu arruntez gain, kanpaina bereziak egiten ditu Jaurlaritzak, neurgailu mugikorrekin. Udalaren eskaera kontutan hartuko duela azaldu du Jaurlaritzak.
«Legedia falta da arazo honen muina»
Udalak adierazi du, hala ere, «legedia falta» dela «arazo honen muina. Europan ez dago airearen kutsadurari irtenbidea ematen dion irizpide bateraturik. Hori dela eta, uste dugu legedia zorrotzago baten beharra dagoela gure herrialdean, aire kaliteatearen inguruan». Hori lantzen hasteko pausuak emango dituztela adierazi dute udal ordezkariek.
Udalak azaldu du, «aspaldikoa» dela Hernanin, airearen kalitatearen inguruko kezka, eta «usainak eta bestelako isurketek herritarrengan sortzen duten ardura». Hori dela eta, herriko aire kalitateari buruzko azterketa eskatu zion Udalak, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari. Unibertsitate horretako adituek, hainbat neurketa egin zituzten herri osoan, eta bereziki, industria guneetan: «ia urte eta erdiz, oso kontrol zorrotzak egin ziren herri osoan, eta ohiko azterketetan neurtzen ez diren sustantziak neurtu zituzten», azaldu du Udalak; «emaitza horiek azaleratu zuten, kutsadura haundia pilatzen dela Hernaniko zenbait auzotan, eta momentu batzuetan, baimendutako mugak ere gainditzen direla».
Udalak nabarmendu du, aire kalitatearen kontrola Jaurlaritzaren eskumena dela, eta horretarako, neurgailu bat daukala, Hernaniko osasun zentroan: «horrek, airean dauden zenbait sustantzia neurtzen ditu, eta horren arabera, Hernaniren aire kalitatea ona da. Baina Udalak enkargatutako azterketa zorrotzagoa da, eta bertan ageri diren sustantzia asko, ez ditu Jaurlaritzak neurtzen», azaldu du.
Azterketaren emaitzen arabera, industria guneetan sortzen da «kutsadura gehien. Eta industria enpresa horien isurketen kontrola Jaurlaritzari dagokio; guztiek dute Baimen Bateratua. Baina azterketak airean antzeman dituen sustantzia batzuek, baimendutako kopuru maila gainditzen dute maiz»», adierazi du Udalak.