Pleno azkarra izan zen asteartean. Kale garbigailu elektriko bat erosteko mozioa izan zen kontsentsua lortu ez zuen puntu bakarra. Ez zen aurrera atera Udal Gobernuak ezezko botoa eman eta gero. Oposizioko alderdiak batu ziren zortzi botorekin, baina alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen ezetza.
Orain Hernanik aurkeztu zuen eta erosiko den kale garbigailua elektrikoa izatea eskatu zuen. Arrazoia ingurugiroarekiko zaintza izan zen batipat. «Udalak ingurugiroaren babeserako hartu dituen erabaki guztiak babestu ditugu eta horregatik erosiko den kale garbigailua elektrikoa izatea nahi dugu. Honela kutsadura, bai ingurugiroarena eta bai soinuena, sahieste aldera»
Koro Etxeberria zinegotziak erabakia arrazoitu zuen ondoren. «Hernanik dituen beharrei ez die erantzuten gaur egun merkatuan dauden garbigailu elektrikoek. Hernanik dituen baldintzetarako ez dago garbigailu egokirik merkatuan eta zerbitzu ona eskaintzea lehenesten dugu».
Bestetik, aho batez onartu zen Hernaniko Udalaren parte hartzea Beterri Buruntza eskualdeko Tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako mankomunitate baten sorreran. Baita, Orain Hernanik aurkeztutako arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna dela eta adierazpen konstituzional bat egiteko mozioa.