Gernika eta Cisnerosen arteko partidu atzeratuaren eguna, gaur 20:00ak baino lehenago jakingo da; baina ez da izango maiatzaren 1a, Espainiako Apelazio Batzordeak kontuan hartu baitu, Hernanik aurkeztutako helegitea.
Gernika eta Cisnerosen arteko partidua bertan behera geratu zen otsailean, eta martxoan jokatzekoak ziren, baina orduan ere atzeratu egin zen hiru aldiz, Cisnerosek eskatuta.
Kirol Disziplina Batzordeak adostu zuen maiatzaren 1ean jokatzea, liga bukatua dagoenean; eta Hernanik erabaki horri helegitea jarri zion. Asteartean bildu zen Apelazio Batzordea, eta hernaniarren helegitea kontuan hartu zuen.
Hori horrela, ligako azken jardunaldia, apirilaren 14a, baino lehenago jokatu beharko dute. Eguna eta ordua gaur zehaztuko dituzte.
Hori bai, erabakiari helegitea jarri diezaiokete, eta arazoa gehiago korapilatu. Gainera, hiru aste geratzen dira Liga amaitzeko, eta ez dago astebururik libre. Horrek esan nahi du, atzeratutako partidua astean zehar jokatu beharko dutela.
Santanderrera, autobusa
Hernani kaltetua sentitzen zen, eta horregatik jarri zuen helegitea. Sailkapenean bederatzigarren dago Cisneros, 34 punturekin; hamargarren Hernani 33 punturekin; hamaikagarren La Vila 32 punturekin; eta sailkapena ixten du Gernikak 25ekin. Igande honetan, Independienteren zelaian jokatuko du Hernanik, eta Santanderrera joateko, autobusa antolatu du klubak. Joan nahi duenak, deitu 656 75 66 41 zenbakira.