Pelota elkarte onenen arteko lehian, Hernani eta Mundarro

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 25a, 01:00

Hainbat berritasunekin dator, Berria Txapelketaren 16garren edizioa. Larunbatean aurkeztu zuten, Astigarragako Petritegi sagardotegian, hirugarrenez izango baita babesle. Datorren asteburuan hasita, pelota el­kar­­te onenak ariko dira lehian, eta horien artean izango dira Hernani eta Mun­darro, hutsik egin gabe. Asti­gartarrek, datorren igandean egingo dute debuta, final ha­ma­­seirenetan, San Miguelen kon­tra. Eta fase berean sartuko dira hernaniarrak, apirilaren 14an, Danok Lagunak taldearen kontra.

Aurrera eginez gero, Erreka izango du kontrario Munda­rrok, maiatzaren 5ean; eta Lap­ke Hernanik, maiatzaren 19an. Guztira, 31 jaialdi jokatuko dira, igandero bina, Hernanin eta Andoainen. Eta finala ere, Hernanin jokatuko da, ekainaren 22an, San Joan jaietako egitarauaren barruan.

Bartzelonako talde bat, aurreneko aldiz

24 pelota elkarte ariko dira lehian, eta nobedade nagusia, Bartzelonako Nafarren Etxea elkartea izango da: «haurrekin lan haundia egiten ari dira pelota sustatzeko. Ilusioz gainezka daude txapelketan ari­tzeko, eta guretzat ohorea da haiek jasotzea», azaldu zuen Andoni Alvarez antolatzaileak. Oiarperen kontra jokatuko du­te haiek, apirilaren 28an, Aste Santuko asteburua aprobetxatuz, bidaia errazteko.

Araudian ere izango da no­bedaderik aurten. Izan ere, ia beti erabakiko dira kanporaketak, azkeneko partiduan: bi partidu irabazten dituen taldeak egingo du aurrera; baina talde batek irabazten baditu au­rreneko bi partiduak, au­rre­ra egingo du tanto gehien lor­tzen dituenak, hiru partiduetakoak batuta. Ohi bezala, ka­de­teak ariko dira aurreneko partiduan, jubenilak gero, eta nagusiak azkenik.

Emakumeen artean ere, txapelketa txikiago bat

Eta azkeneko berritasuna da emakumeen partehartzea. Izan ere, aurreratu dute txapelketa txikiago bat antolatu nahi du­tela: bi finalerdi eta finala.

Oraindik zehaztu gabe dau­de bikoteak, baina azaldu dute, ideia dela Gi­puzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Arabatik bikote bana gonbidatzea: «etorkizunera begira, nahi genuke pelota elkarte bakoitzak emakume bat plazaratzea; baina horretarako, lanean jarraitu behar dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!