Literatur solasaldien haritik tiraka, egitasmo berri bat jarriko du martxan Hernaniko Udal Liburutegiak, datorren asteartean: estreinako saioa izango dute, komikiei buruzko solasaldiek. Arratsaldeko 20:00etan izango da, Udal Liburutegian.
Alai Zubimendi komikilari hernaniarrak gidatuko ditu, komikiei buruzko solasaldiak. Eta aurrenekoan, Dani Fano donostiarraren komiki-liburuari buruz ariko dira: Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Eta egileak berak ere, solasaldian parte hartuko du: «aukera paregabea izango da, berarekin solasean aritzeko».
Zortzi urte eman ditu Fanok, liburu horretan lanean, eta 1905ean El Salvadorren jaio zen ekintzaileari buruz, lan mardula osatu du. Koldo Izagirrek euskeratu du.
Komikiaren hainbat ale dauzkate Udal Liburutegian bertan, nahi duenak maileguan hartzeko, eta «ikusi, irakurri eta ukitzeko».
?El regreso del caballero oscuro?, maiatzean
Komikiei buruzko bigarren solasaldia, maiatzaren 21ean izango da: Frank Millerren El regreso del caballero oscuro komikiaz ariko dira, orduan.