«usain txarrak jasan eta sustantzia toxikoak arnasteaz nazkatuta» dagoen herritar taldeak kontzentrazioa deitu du gaur, eguerdiko 12:00etan Plaza Berrin. Protesta irekia dela azpimarratu dute, «konponbidea eskatzeko, bai erakundeei eta baita tartean dauden enpresei ere».
Era berean, «egoera larri hau konpondu arte mugitzen jarraituko» dutela diote.
Ezinulertua, Jaurlaritza eta enpresen arteko hitzarmena medio
Herritar talde hau bi aldiz bildu da Biterin, lehendik, otsailaren erdialdera antolatu zen Arnastu behar dugun airearen kalitateaz hitzaldiaren ondoren sortutako kezkak medio. «Konturatu ginen mugitu gabe ezer ez zela aldatuko».
Horregatik osatu dute taldea, «sigla eta kolore politikorik gabea» eta deitu dute gaurko kontzentrazioa, «arnasten dugun airearen kalitatea hobetzeko eta usain eta zaratekin bukatzeko, arindu beharrean areagotu egin baitira». Adierazi dute herritarrak «nazkatuta» daudela, eta «konponbidea lortzeko gehiago egin behar dela eta egin daitekeela. Aire osasuntsua eta enpresa garbiak nahi ditugu».
Hori horrela, hainbat eskaera egin dituzte. «Udalari eskatzen diogu Aldundiari eskatu diezaiola neurriak hartzeko, Hernani inguratzen duen trafikoak eragindako zarata eta kutsadura saihesteko, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu neurriak hartu ditzala Hernaniko enpresa kutsakorrek behar diren neurriak eskura izan ditzaten eta martxan jarri ditzaten, eta arazo hauei lehenbailehen konponbidea emateko prozesu berritzaileenak aplikatu ditzaten. Ezin dugu ulertu Eusko Jaurlaritzak enpresekin hitzartzea noiz egingo diren ikuskatzeak, aldi baterako kutsadura murrizteko aukera eman eta zigorra saihesteko».
Konponbidea lortu arte mugitzen jarraitzeko asmoa dutenez, datorren asterako bilera ere deitu dute, asteartean, 19:00etan Biterin.