Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako XXIII. Martxa egingo da bihar, 11:00etan Pasaiako Trintxerpetik, azokatik aterata, eta Donostiako Gipuzkoako Plazaraino egingo du bidea.
Asteazkenean deitu zuten martxa SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako Medicus Mundik eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, eta 47 erakunderen laguntza jaso zuen.
Hernitik bertan parte hartzeko deia ere egin da, eta bihar 10:30etan jarri da hitzordua tren geltokian, apeaderoan, elkarrekin joateko.
Eskuin muturren eraginaren aurka, elkartasuna
Apirilaren 28ko hauteskunde orokorrak eta maiatzaren 26ko udal hauteskundeak, foralak eta europarrak izan dituzte gogoan antolatzaileek, eta indarra jarri nahi izan dute «botoaren garrantzian eta nola duen eragin zuzena pertsonen eskubideak indartzen edo murrizten». Horregatik aukeratu dute leloa: Aukera ezazu zeure slogana Giza Eskubideen alde.
«Ikusirik indar xenofoboen diskurtsoak zenbat hedatu diren EBko herrialde gehienetan eta baita espainiar estatuan ere» antolatzaileek ohartarazi dute «eragin negatiboa izan dezaketela diskurtso eta politika horiek inmigrazio politiketan eta asilo eta babes eskubideetan (...) Eskuin muturren eraginak ere diskriminazioa aeragotuko luke». Horren aurrean, aldarrikatu dute «pertsonen arteko elkartasuna».