Hainbat herritako gaztetxeetako kideen esperientzien berri izan zuten atzo Kontrakantxa Gaztetxean bildutakoek; Tolosaldea, Goierri eta Iruñerrikoena, besteak beste. Hitzaldi horrekin eman zioten hasiera Gipuzkoako Gaztetxe eta Asanbladen Topaketari, eta gaur izango dute jarraipena.
Hamaika haritatik soka berari tiraka lelopean, hain zuzen «herrialde mailan gaztetxeak saretzen hastea» dute helburu topaketa hauek, eta «eztabaida eta erronketan sakondu» eta «herriz herri garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko» hainbat ekitaldi antolatu dira. Gaur bertan, hainbat hitzaldi, manifestazio eta kontzertu izango dira.
Autogestioa, faxismoa, segurtasuna edota etorkinak hizpide
Egunari hasiera emateko, gosaritarako tartea izango da gaur Kontrakantxan, 09:00etan, eta aurreneko hitzaldi edo tailerra 10:00etatik eguerdiko 12:00etara egingo da, autogestioaren inguruan. Gero, 14:00ak arte, XXI. mendeko okupazio eta faxismo ereduak ezagutu ahal izango dira, eta bazkaritaratako tartea irekiko da 14:30etan.
Arratsaldean, segurtasun tailerra, etorkinen auzia eta militantzian izaten diren eraso eta harremanak landuko dira 15:30etatik 17:30etara, eta 19:00etan manifestazioan ate-rako dira, Gaztetxeak saretu, autodefentsa antolatu lelopean. Afaria egingo da 21:00etan, eta eguna bukatzeko, Starlus, Eztanda eta Bake Faltsua taldeen kontzertuak izango dira.
Azken eguna, biharkoa
Asteburu osoa hartuko duten topaketak bukatzeko azken hitzordua bihar jarri da. Goizeko 10:00etan gosaria emango da, eta ondoren, 11:00etan, auzolanerako deia egin da, guztia txukuntzeko.