Apirilaren 1etik aurrera ikusi daiteke aitorpen proposamena

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 23a, 01:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018ko errenta aitorpena eta aberastasun kanpaina abian du eta egiteko garaia iristear dago. Apirilaren 1etik, astelehena, aurrera ikusi daiteke autolikidaziorako proposamena; apirilaren 8tik onartu ahal izango da, eta  apirilaren 12tik aurrera ordea eskatu ahal izango da errenta mekanizaturako zita. 

Apirilaren 8tik uztailaren 1era bitartean onartu ahal izango dira proposamenak. Gainerako errenta modalitateetan (mekanizatua eta Inter­net) eta ondarean epea apirilaren 15ean hasi eta hau ere uztailaren 1ean amaituko da. Beraz bulegoak apirilaren 15etik aurrera, Hernanikoa (Latsun­be­be­rri auzoa) ere bai, irekiko dituzte.

Aitorpen mekanizatua egiteko hitzordua ekainaren 8a bitartean eskatu ahal izango dira. Autolikidazio proposamena onartu nahi ez dutenek apirilaren 17ra arte itxaron beharko dute hitzordua eskatzeko.


Aitorpenak aurkezteko modalitateak hiru dira 

Apirilaren 3tik 17ra arte bitartean, 200.000tik gora proposamen bidaliko dira, apurka-apurka, postaz (aitorpen guztien erdia baino gehiago). Departamentuaren webgunean  https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/errenta/kanpaina-sarrera eta gure bulegoetan ere eskuratu ahal izango dira. Propo­samenarekin ados izanez gero, onartu egin behar da telefonoz edo internet bidez. Iaz proposamenen %85,8 onartu ziren.

Mekanizatua ere egin daiteke telefonoz edo internet bidez hitzordua aurrez eskatuz gero, www.gipuzkoa.eus web orriaren bitartez edota 902 100 040 telefonoan, aitorpena egiten lagunduko dute bulegoetan.

Hirugarren modalitatea internet bidez da. Laguntza programaz baliatuta, internet bidez bidali daiteke aitorpena. Bakoitzak egin zuzenean, edo, bestela, 500tik gora ordezkari profesionaletako edozeinen bitartez.

 

Dobera Euskara Elkarteko bazkideek, dedukzioa

Aurten ere, lehentasunezko mezenasgo jarduera izendatu du Foru Aldundiak Dobera Euskara Elkartea, eta ondorioz, 2018an ekarpena egin zuten bazkideek edota liburuak argitaratzeko laguntza eman zutenek, dedukzioa izango dute Errenta Aitorpenean, betiere, aurretik dokumentazioa aurkeztu baldin bada.

Aurten ere euskaraz egiteko kanpaina jarri da martxan

Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute UEMAk, udalek eta beste hainbat erakunde publikok. Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!