Ereñotzun ere egingo du geldialdia, Artantxuriketan emanaldi bereziak, lau emakume aranoarren eskutik: Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa ahizpak, eta haien ama, Maria Jesus Zugarramurdi.
Datorren ostiralean izango da saioa, martxoaren 22an, Olak Auzo Elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Ereñotzuko auzo etxean; eta antzeztuko dute arto zuriketan ari direla lau emakumeak, baserriko sukaldean, arratsalde batean. Familia eta auzokoak elkartuta, solasaldi bizia sortzen dute, artoa zuritzen duten bitartean, kantuz eta kontakizunez betetakoa.
Atsolorrerako giroa berotu nahi du Olak Auzo Elkarteak, emanaldi honekin.
Atsolorra, apirilaren 7an
Emanaldiaz gozatzeko aukera eskaini nahi izan die Olak Auzo Elkarteak, ereñotzuarrei. Baina bide batez, giroa berotu nahi izan du auzoan, Atsolorrari begira. Zehazki, apirilaren 7an izango da, hiru aste barru, igandearekin.
Auzo Elkartetik nabarmendu dute, bi ekitaldiek azaleratzen dutela «emakumeak izan duen pisua, euskal kulturaren transmisioan».