Berdintasunaren hilabetea da martxoa, dudarik gabe; aurreko astean izan zen Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta horren bueltan, bi tailer antolatu ditu Astigarragako Gaztelekuak.
Mutil eta neskentzat egingo dute tailer bana, gaur eta gaur zortzi.
Mutilentzat, aurrenekoa
Harremanak elkartearekin batera egingo dituzte bi tailerrak, gaurtik hasita. Mutilentzat izango da aurreneko saioa, Mutila naiz, eta zer!? izenburupean.
Bigarrena, neskei zuzentzen zaiona, hurrengo larunbatean, gaur zortzi izango da; Ez, ezetz da! izenburupean egingo dute hori.
Bi saioak irekiak eta debaldekoak izango dira, eta arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara burutuko dira, Gaztelekuan. Eta bereziki 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta egongo dira.
Bozketa, bihar arte
Horrez gain, logoa berritzeko bozketa ere martxan dauka Astigarragako Gaztelekuak, eta bihar izango da azkeneko eguna, gustokoenaren alde egiteko. Gaztelekuan ikusi daitezkeen hiru proposamenen artean aukeratu ahal izango da.
Etzitik 31ra bitarte, aldiz, bozkatuenaren inguruan aldaketak eta proposamenak egin ahal izango dira. Ekarpenekin, apirilan aurkeztuko da logo berria.
Multikirola, bihar ere
Ohiko jarduerekin ere jarraituko dute; eta multikiroletarako zita jarri dute, biharko.