Hainbat lan egin ditu Udalak egin ditu Udalak azkeneko hilabeteetan, besteak beste, Galtzaur kaleko asfaltatzea eta Maskarrene bidearen (udaletxetik egungo kultur etxera doan bidea) argiztapena. Horiekin «pozik» agertu da Astigarragako EH Bildu, baina kritikatu du udal gobernuak 4 urtetan egin ez duena, azken 2 hilabetetan egiten ari dela: «Astigarragaren alde eta txukun egiten bada, gaitzerdi!», adierazi du.
2017ko aurrekontuetan, Galtzaur kalea asfaltatzea
Ohar berean azaldu dute, baita ere, Galtzaur kalea asfaltatzea EH Bilduk proposatu zuela 2016ko abenduan, 2017ko aurrekontuetako emendakinetan: «2 urte itxaron behar izan dira egina ikusteko. Eragozpen gutxien sorrarazteko, 2018ko udan egitea egokiena zitekeela alde batera utzita, beharrezko obra bat zenez, EH Bilduk positiboki baloratzen du», onartu dute.
«Astigarragaren alde eta txukun egiten bada, gaitzerdi!»
Argiztapena «aspaldiko eskaera»
Bestalde, Maskarrene bidearen argiztapena EH Bilduren «aspaldiko eskaera» dela diote: «Aurreko legealdian, Goiko Iturri parean argiztapena indartu zen, baina lanak bukatu gabe geratu ziren. Ordutik, EAJk ez du ezer egin».
Gainera, gogorarazi dute «neurri hau EH Bilduk proposatutako Mapa Morearen ekimenean aurreikusita dagoela, baina EAJ ez da gai izan, edo ez du nahi izan orain arte ezer egin». Izan ere, «Mapa Morean herri osoan zehar herritarrak modu seguru eta askean ibiltzeko lan ugari jasotzen dira».
Dena den, «lau urteren ondoren bada ere, EH BIlduk pozez hartzen du behar-beharrezkoa zen ekimen hau gauzatu izana».