Martxoaren 22an, ostiralarekin, Bilboko Itsas Museoan estreinatuko da Mundubira. Elkano, Primus antzezlana eta bertan Ainara Ortega hernaniarrak hartzen du parte. Lehen Mundu Bira espedizioaren irteeraren 500garren urteurrena gogoratzen du.
Oholtzan lau artista bilduko ditu formatu txikiko ikuskizunean eta helburua Euskal Herrian zehar bira egitea da. Lan honen eszena aktoreen interpretazioak eta musikak osatzen dute. Alde batetik, bi aktorek bakarrizketen bidez istorioa kontatuko dute. Beste aldetik, musikari bik antzezlanaren soinu banda jarriko dute: musikaria eta kantaria.
Patxo Telleriak idatzi du teatro lan honen gidoia eta Karlos Panera da eszena zuzendaria. Oholtza gainean agertuko diren antzezleei dagokionez, Iñigo Aranburu Juan Sebastian Elkano bilakatuko da; Xabi Ortuzarrek, Juan de Zubileta itsasmutilaren papera hartuko du; eta hauekin batera, Ainara Ortega hernaniarra kantuan eta Nerea Alberdi musikaria.
Ahalik eta leku gehienetan ikusteko aukera
Loraldia Elkartearen helburua produkzio hau ahalik eta leku gehienetan ikusteko aukera izatea da eta bira egiteko helburua kontuan izanda antolatu da produkzioa.
Arrazoiak argiak dira: alde batetik, Elkanoren figura aldarrikatzea; bigarrenez, Euskal Herria itsastarraren izaera berreskuratu eta plazaratzea, belaunaldi gazteei jakinaraztea; eta, hauekin batera, historiaren pasarte ezinbesteko honen garrantzia nabarmentzea. Horregatik, produkzio txiki eta jasangarria sortu da, baliabide tekniko gutxiekin eskaini daitekeena. yy