Asteburuko emaitzek zapore gazi-gozoa utzi dute Hernani eta Mundarro klubetan.
Astigarragako Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiek kadete mailako Euskal Herriko finala jokatu zuten ostiralean, Tolosaren aurka, eta gutxigatik, baina azpitxapeldun tituluarekin konformatu behar izan dute, 19 eta 22 galduta. Dena den, hurrengo egunean Gipuzkoako trinketeko txapela irabazi zuen Eñautek Aimar Mujikarekin, Behar Zanaren kontra, 40-2 eta Oier Gurutzealde astigartarrak ere bai, Eneko Maizekin batera Behar Zanarekin, 40-37, Urnietaren kontra. Emaitza gaziagoa izan dute, baita ere, Aner Urdangarin eta Asier Saralegik Udaberri Txapelketako final-erdian, galdu egin baitute Arrasateren aurka.
Pelotari hernaniarrek, berriz, 8 partidu galdu eta 6 irabazi dituzte asteburuan, baina partidu garrantzitsuenak kontuan hartuta, balantzea positiboa izan da.
Batetik, Gipuzkoako Trinketean txapela lortu dute Oihan Zugasti eta Mikel Lasak, Gaztelekuko Huitzi eta Gomezi 40 eta 23 irabazita. Anartz Oiartzabal aurrelari titularrak ezin izan zuen jokatu, lesio baten ondorioz, eta, beraz, Zugastik aurrelari jokatu behar izan zuen, eta atzelari Lasa aritu zen. Aldaketak aldaketa, bikote hernaniarra andoaindarra baino hobeto aritu zen, eta markagailuan alde nabarmena mantentzen jakin zuten partidu osoan zehar.
Bestalde, Gipuzkoako errendimendu txapelketan, Auritz Tintxurreta eta Aiur Elizazuk 18 eta 12 irabazi diote Gaztelekuri, eta beraz, final-erdiak jokatzeko sailkatu dira, sailkapen faseko partidu guztiak irabazita.
Azkenik, Udaberri Txapelketari dagokionez, Xabier Salaberria eta Oihan Zugastik 22 eta 16 galdu zuten Zestoako Odriozola eta Salegiren kontra, final-erdian.