Etzitik, asteazkenetik, maiatzera Hernaniko Sormen Gunea definitzeko partaidetza prozesua eramango da eta Hernaniko eta inguruko sortzaileak prozesuan parte hartzera gonbidatu nahi dira.
2017-2018 ikasturtean Hernaniko Udalak Kulturaren inguruko hausnarketa prozesua burutu zuen. Bertan, Kultura sailak epe motz, ertain zein luzean egin beharreko esku hartzeak definitu zituen herritarrekin batera.
Partaidetza prozesu berri honekin, Ave Maria eraikina Sormen Gunea bilakatzeko lehen oinarriak zehaztuko dituzte. Hortik aurrera, elkarlanean erabaki nahi genituzke Sormen Gunearen edukiak eta kudeatzeko erak.
Etzi, martxoaren 27an eta apirilaren 8an, lan saioak
Prozesua hiru lan saioz osatua izango da, antolaketa honekin: Etzi, asteazkena. Sortzaileen beharren mapeoa eta erabilera posibleak.
Martxoaren 27a, asteazkena. Sormen gune eredu ezberdinak ezagutu, eta kudeaketaz hausnartu.
Apirilaren 8a, astelehena. Aurreko bi saioetan sortutako edukien araberakoa izango da hirugarren saioaren antolaketa.
Saio guztiak Biterin, 19:00etatik 21:00etara
Saio guztiak Biterin izango dira, 19:00etatik 21:00etara Ondoren, sortutako edukiak prozesuaren ondorioen txostenean bilduko dira, eta maiatzean itzulketa egitea aurreikusten da. Lan honen gestioan gidari eta dinamizatzaile izango dira Arantxa Mendiharat eta Maitane Barrenetxea.
Informazioa jarraitu eta kontsultatzeko helbideak
Prozesuaren informazio guztia kontsultatu eta jarraitzeko erabaki.hernani.eus webgunean atal berri bat sortu da. Informazio gehiago jasotzeko eta prozesuan izena emateko helbide elektronikoa ere sortu da: sormen-gunea@hernani.eus.