Zine saioa izanen da bihar, 18:30etan udaletxeko ganbaran, Udalak, kultur taldeak eta euskara zerbitzuak antolatutako otsailetik apirilera bitarteko kultur agendaren barruan. Oraingo honetan, Campeones filma ikusi ahal izanen da.
Bertan kontatzen da nola Marco izeneko saskibaloi entrenatzaile batek, maila pertsonal eta profesionalean hainbat arazo izan ondoren, adimen urritasuna duten pertsonek osatutako taldea entrenatu behar duen. Hasieran, porrot egin duela sentituko du, baina, pixkanaka, asko ikasiko du. Aurtengo Goya sarietan hiru sari irabazi berri ditu pelikulak; tartean, Pelikula Onenari Saria.
Biharko emanaldiaren ondoren, ekitaldi gehiago ere izanen dira datozen egunetan, kultura agendaren barruan. Hasteko, datorren larunbatean, hilak 16, haur eta gurasoei zuzendutako karaoke saioan hartu ahal izanen da parte, arratsaldeko 18:00etan hasita, ganbaran. Hurrengo zita, berriz, apirilaren 14rako jarri dute; orduko horretan, Errementari pelikula ikusi ahal izanen da.