Bigarren asteburua izan zuten aurrekoa, errepideko lasterketetan, txirrindulari astigartarrek. Eta oraingoan, bi ordezkari izan zituen herriak: Urko eta Telmo Semperena anaiak.
Lehiaren alde bana ezagutu zuen bakoitzak, ordea. Bizkaiako Ereñon aritu zen anaia nagusia, Urko Semperena, 23 urtez azpikoen proban; Lehendakari Torneoko aurrenekoa, hain justu. Baina alde gazia tokatu zitzaion berari: arazo fisikoak tarteko, lasterketa utzi behar izan zuen astigartarrak.
Gozoagoa izan zen lasterketa, Telmo Semperena juniorrarentzat, Nafarroako Villatuertan. San Veremundo Zirkuitua zegoen jokoan, eta maila ederrean aritu zen astigartarra: laugarren izan zen.
50garren kilometroan hasi zen lasterketa erabakitzen. Tartetxo bat egiten hasi zen, 11 laguneko taldetxo bat; eta bidea egin zezaketela ikusita, haien bila abiatu zen Semperena. Etapako mendate bakarra igotzen hasi aurretik harrapatu zituen.
Tartea haunditu egin zuten tropelarekin, eta taldeko batzuk atzean geratuta, 10 txirrindulariren artean jokatu zuten garaipena, helmugako aldapan. Eta azkeneko esprint horretan, podiuma gertu izan zuen astigartarrak, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Aitor Alberdi nagusitu zen, eta Mikel Retegi eta Xabier Isasa ere izan zituen aurretik, astigartarrak.
Tropelak, azkenean, tartea murriztu zuen, eta 50 segundura sartu ziren helmugan. Bertan ziren Semperenaren taldekideak ere, eta horri esker, taldeka bigarren izan zen Donosti Berri, Lizarteren atzetik.
Alebin eta infantilak martxan, asteburu honetan
Gaur arratsaldean izango dute hurrengo proba, Urretxun, 23 urtez azpikoek. Goierriko Itzulia (119 kilometro) lehiatuko dute, 15:30etan. Eta juniorrak, Azpeitiako San Jose Sarian (86 kilometro) ariko dira bihar arratsaldean, 16:00etan hasita.
Baina asteburu honetan, alebin eta infantilak ere hasiko dira, errepidean lehiatzen. Errenterian izango dute estreinako proba, bihar arratsaldeko 16:30etan hasita.