Agerraldia egin zuten aurreko astean, Aldiriko Tren Geltokiaren proiektuari buruz, Zorione Etxezarraga alkateak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Sailburuak. Eta horren harira, bere balorazioa egin du Astigarragako EH Bilduk: «beti baloratuko dugu positiboki, Aldiriko Tren Geltokiaren alde egiten den edozein ekimen. Baina garbi daukagu, EAJren hauteskunde kanpainaren baitan kokatzen dela agerraldia. Ez zen ezer berririk azaldu; are gehiago, proiektua bukatu gabe dagoela onartu zuten, eta geltokia martxan jartzeko datarik ez zen eman. Badirudi 2023ra atzeratu daitekeela», azaldu du EH Bilduk.
Era berean, «Astigarragako EAJren gardentasun eza» salatu du EH Bilduk, eta adierazi du, lau urtetan ez duela «inolako informaziorik eman» tren geltokiaren inguruan: «ez batzordeetan, ez plenoetan. Eta emandako apurra, EH Bilduk erregututa izan da».
«Egungo alkateak, jokabide desleiala izan zuen aurreko legealdian»
EH Bilduk dio, «oso positiboa» dela EAJ tren geltokiaren alde egotea; baina azaldu du, beti ez dela horrela izan: «aurreko legealdian, EH Bildu lanean jarri zenean Aldiriko Tren Geltokia Astigarragara ekartzeko, egungo alkateak geltokia gutxiesten zuen. Orduan, Eusko Jaurlaritzak onartu zigun, geltokia bideragarria zela teknikoki eta ekonomikoki. Baina egungo alkateak jokabide desleiala zan zuen. EAJko bozeramaile gisa, babestu zuen ameskeria hutsa zela geltokia, eta Euskal Trenbide Sareko zuzendariarekin harremanetan jarri zen; ez bereziki geltokia sutsuki bultzatzeko. Garbi daukagu, egungo alkateak orduan ez zuela herritarren interesen alde egin. Baina inoiz ez da berandu, eta zenbat eta gehiago izan tren geltokiaren babesleak, orduan eta hobe herritarrentzat», adierazi du.
Azkenik, proiektuari buruz, bi proposamen egin ditu: «geltokia eta Astigarraga lotuko dituen pasarela, Urumea Berriko iskin batera iristea aurreikusten da; eta begi onez ikusten dugu, baina Bidebitarteko kale nagusiarekin beste lotune bat egin beharko litzatekeela uste dugu, poligonoko langileen mugikortasun aukerak hobetu eta geltokia herriaren gainerako zatira gerturatzeko. Eta bestetik, beharrezkoa ikusten dugu, geltokian edo pasarelaren hasieran, bizikletak aparkatzeko toki seguruak bermatzea».