Asteklima ospatu dute aurrenekoz, martxoaren 1etik 10era; Euskadiko Klima Aldaketaren Astea. Eta horrekin bat eginez, bi ekintza antolatu ditu Astigarragako Udalak, datozen egunetan, kultur etxean.
Batetik, klima aldaketaren inguruko erakusketa jarriko dute, datorren asteartetik ostegunera, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:30etara. Hiru atal nagusi izango ditu: klima aldaketaren seinale eta eragin nagusiak; klima aldaketaren eragile eta erantzule nagusiak; eta aurre egiteko irtenbideak, hainbat gomendiorekin.
Eta bestetik, mahai ingurua egingo dute, kultur etxean bertan, asteazkenean. Arratsaldeko 18:30etan izango da, eta klima aldaketari aurre egiteari buruz ariko dira, arlo ezberdinetako adituak: Arturo Elosegi EHUko katedraduna, Jakoba Errekondo ingeniari tekniko agronomoa eta paisajista, eta Xabier Esteban ingurumeneko eta energia arloko aholkularia.
Hirugarren ekimen bat ere antolatu du Herri Eskolak. Ostiralero klimaren alde kalean ekimenarekin bat egin, eta gaiari buruz hausnartzeko aukera izango dute ikasleek, Ipar Poloa salbatzera jokoarekin eta photocall batekin.