Galarreta kudeatzen duen Oriamendi 2010 enpresak otsailean Hernaniko?Udalarekin eta Kronikarekin sinatutako hitzarmenari esker, erremonteaz gozatzeko aukera daukate hernaniarrek eta Kronikako irakurleek. Hernaniarrek, sarreretan deskontua izango dutelako, Galarretan NANa erakutsita, eta Kronikako irakurleek, edozein herritakoek, astero Kronikak doan banatuko dituen sarreren zozketan parte hartu ahal izango dutelako. Irakurle izateaz gain Kronikalari direnek, gainera, irabazteko aukera bikoitza izango dute, bi zenbakirekin parte hartuko baitute zozketetan.
Izena emateko, nahikoa da Kronikarekin harremanetan jartzea telefonoz (943 33 08 99/688 660 714), email bidez (kronika@kronika.eus) edo bulegora etorrita (Larramendi 11).
Gaurko irabazleek, biharko partidurako ere aukera
Izena ematen dutenen artean, asteazkenero egingo da zozketa. Aurrenekoa, gaur bertan egingo da. Horrela, bihar jokatuko den partidura joan ahal izango da irabazlea, edo nahiago izanez gero, larunbatekora.
Astero, ostegun eta larunbatero jokatzen dira partiduak Galarretan, 16:00etan, eta momentu honetan, Sagardoaren Txapelketarekin ari da. Jardunaldi bakoitzeko lau partiduetatik bat izaten da txapelketakoa.
Bihar, A multzoko Gaztañaga (Urriza eta Zaldua) eta Bereziartuaren (Uterga eta Labaka) arteko lehia ikusi ahal izango da bigarren partiduan. Horrez gain, jokatuko dute Azpiroz-Zubirik Goikoetxea V-Garcesen aurka, Zeberio II-Ionek Ansa II-Barrenetxea IVren kontra eta Urtasun-Larrañagak Juanenea Agirrezabalaren kontra.
Bereziartuak ez du punturik, eta Gaztañagak negatibo bat du. Beraz, biek behar dute garaipena. A multzoko Petritegi eta Larre-Gainek launa puntu dituzte. B multzoan, berriz, Setien eta Altzueta launa punturekin daude, eta Oialume Zar eta Gurutzeta, binarekin.