Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuz, ekintza ezberdinak antolatu dira gaur Sagardoetxean, 12:00etan hasita: Sagardoetxeko sagarrondoak morez jantziko dira Harituz Taldearekin elkarlanean eta Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketaren bisita gidatua izango da Lourdes Odriozola historialariarekin batera.
Harituz Taldearekin batera
Sagar Uzta egunean Astigarragako Harituz Taldeak iragarri zuen moduan, beraiek eskuz ehundutako estalki moreekin Sagardoetxeko sagastiko sagarrondoak morez jantziko ditu Nazioarteko Emakume Langilearen Egunaren erreibindikazioarekin bat eginez.
Ondoren, Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketaren bisita gidatua izango da Lourdes Odriozola historialariarekin batera. Erakusketa honetan, XVI-XVIII. mendeetako Gipuzkoako lau emakumeren historiak ezagutzen dira: Maria Labayen, Maria de Echevarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobio. Ausartak, ekintzaileak, azkarrak eta horietako batzuk negozioen mundua ondo ezagutzen zuten emakumeak izan ziren, eta bakoitzaren bizimodua nahiz gainditu beharreko arazoak ezberdinak izan arren, emakume hauek lotzen dituen gauza bakarra sagardoa da.
Ekitaldiari amaiera emateko, sagardo dastaketa gidatua eskainiko da.