«EAJ, PSE-EE eta PPren eskutik, Astigarragan Garraio Hiria martxan jartzeko prozedurak aurrera jarraitzen du. Astigartarrak informatu eta entzun gabe aurrera doan proiektuari», EH Bilduk zazpi alegazio aurkeztu dizkio.
Alderdi abertzalearen esanetan, «EH Bildu astigartarren interesak babesten saiatu den bitartean, EAJren Astigarragako Udala ezer egin gabe geratu da eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta BIDEGIri ateak zabalik utzi dizkio, Garraio Hiriarekin nahi duena egin eta desegiteko. Astigarragako Udalak, Astigarraga eta astigartarren interesak babesteko lan egin beharko luke, baina Astigarragako EAJk berriz ardurari uko egin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren morroi lanetara mugatu nahi izan du».
«Landa-lur eremua da eta Plan Orokorraren aurka doa»
Txoritokieta magalean aurreikusten den Garraio Hiriak ia hamaika futbol zelai adinako tamaina izango du eta 355 kamioientzako aparkalekua izango da. Astean zazpi egunez eta 24 orduz martxan egongo den garraio gune bat izango da eta «beraz, kamioien joan-etorria etengabea izango da urteko egun guztietan».
«Horregatik guztiagatik», EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkio proiektuari. Batetik, aurkakotasun osoa adieraziz eta bestetik, «EAJk bere estiloari jarraiki proiektua inposatzen badu, proiektua hobetzeko edo gutxienez, inguruko bizilagunek kalte gutxiago izan dezaten ahaleginduko da EH Bildu».
EH Bilduk dio Garraio Hiria proiektu hau Astigarragako Plan Orokorraren aurka doala. «Plan Orokorrak eremu hori guztia landa-lur eremu bezala kalifikatzen du eta beraz, porlanez betetzearekin bateraezina dela begi-bistakoa da». Puntu honetan, EH Bilduk, «Astigarragako EAJren hipokresia salatu du: Santiagomendiko Paisaia babesten ari dela dioen bitartean, herriko beste eremu bat hankaz gora jartzeko inolako konplexurik ez du».
«Zarata gutxitzeko pantaila akustikoak beharrezkoak»
Garraio Hiriaren aurka egiteaz gain, EH Bilduk proiektuari hainbat ekarpen egin dizkio. «Adibidez, proiektuak ez ditu kamioiek sortuko duten zarata gutxitzeko pantaila akustikorik aurreikusten eta inguruko bizilagunen bizi-kalitatea bermatzeko EH Bilduk beharrezkoak direla uste du. Bestetik, inguruko bizilagun eta jarduerek saneamendu eta ur-sarera egokiagoa konektatu eta ur-zikinak saneamendu sarera lotzeko moldaketa proposatu du».
Garraio Hiriak erabiliko ez dituen lurrak Astigarragako Udalari itzultzea ere eskatu du. EH Bilduk «lur horiek nekazaritza ekologikora bideratzeko apustuari eusten dio, elikadura subiranotasunaren alde urratsak eman eta sektore honetan enplegu berriak sortzeko».
«Onura ekonomikoaren zati bat Astigarragara bideratu»
Azkenik, EH Bilduk Garraio Hiriak izango dituen onura ekonomikoen zati bat Astigarragako Udalari ematea proposatu du.
«Astigarragak dagoeneko nahiko eskuzabaltasun izan du Gipuzkoako makro azpiegiturak jasaten eta ezinbestekoa da, herriari inolako mesederik eragingo ez dion proiektu honek, gutxienez, Astigarragako Udalaren diru-sarrerak areagotzeko baliagarria izatea, ondoren zerbitzu sozialetan eta udal-zerbitzu eta azpiegituretan inbertitzeko».