Astearteko Plenoan oinarriak onartuta, Udalaren jabetzako 15 etxebizitza alokairu sozialean esleituko dituzte. Denera, babes ofizialeko 8 etxebizitza eta 7 zuzkidura-etxebizitza dira. Baldintzak bete eta interesa dutenek bihar hasi eta apirilaren 1era bitarte eman ahal izango dute izena.
Izena emateko, Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) edota www.hernani.eus web-orrian dagoen eskaera-orria bete beharko da, eta HHZn entregatu, beharreko dokumentuekin.
Herritarren Harrera Zerbitzuan entregatu beharko da eskaera-orria.
Etxebiden izena emanda, urtarrilaren 31 aurretik
Hernanin egin diren azkeneko promozioetan, tartean Iturmendi eta Karabelgoetan, «Udalak dirua beharrean, etxebizitzak jaso ditu», adierazi zuen Xabi Lertxundi zerbitzu sozialen zinegotziak. «Parke publikoa haunditu» egin du, beraz, Udalak, eta horiek orain, herritarren esku jarriko dituzte, alokairu sozialaren bitartez.
Esleipena egiteko, ordea, aurretik zerrenda osatu beharra dauka Udalak, eta horietan izena emateko epea irekiko dute bihar.
Udalak jakinarazi duenez, «zerrendan sartzeko ezinbesteko baldintza da Etxebiden urtarrilaren 31 baino lehen izena emateko eskaera eginda izatea». Hori eginda daukatenen artean egingo da zozketa: «babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko unitate familiarreko ezaugarri desberdinak (kide kopurua, diru-sarrerak, errolda antzinatasuna...) baloratuko dira eta zuzkidura-etxebizitzak, ostera, irizpideak betetzen dituzten guztien artean zozketatuko dira».
Zuzkidura-etxebizitzen kasuan, lau 35 urte baino gutxiago duten gazteentzat izango dira; beste bi, 70 urtetik gorakoentzat; eta bat, mugikortasun urri iraunkorreko pertsonentzat.
Eskatzaile bakoitzak zerrenda bakar batean eman dezake izena.
Itxaron-zerrenda, gerora begira
Udalak jakinarazi du, esleipenaren ondoren itxaron-zerrenda osatuko dela «etorkizunean Udalak eskuragarri dituen etxebizitzak esleitzeko».