Asteburu honetan bi jardunalditan hartuko dute parte txirrindulari astigartarrek; biak, bihar. Batetik, 23 urtez azpikoak Ereñon ariko dira Euskalduna Torneoko bigarren jardunaldian, eta juniorrak, berriz, Villatuertan.
Pasa den asteburuari dagokionez, hainbat ezusteko izan ziren. Juniorren mailako pistako Euskadiko Txapelketa, Tafallan egitekoa zena, bertan behera geratu zen arrazoi teknikoak medio. Hori horrela, bi proba jokatu zituzten txirrindulari astigartarrek, eta horietako batean min hartu zuen Jaime Romerok.
Urko Semperenak elite eta 23 urtez azpikoentzako Euskaldun Torneoko aurreneko jardunaldian, XI. Zumaiako Sarian hartu zuen parte, eta hau ere ezustekoz betetakoa izan zen. Lasterketaren erdi aldera hainbat txirrindulari erori ziren, eta horietako 8 ospitalera eraman behar izan zituzten, eta beraz, lasterketa geratu egin behar izan zen ordubetez baino gehiago. Berriro martxan jartzean, 112 kilometroko ibilbidea 80 kilometrotan uztea erabaki zen. Erritmo bizian heldu zioten lehiari parte-hartzaileek, eta azken sprintean Baque taldeko Miguel Angel Fernandez izan zen txapelduna. Eibar Hiri Energia taldeko Urko Semperena astigartarrak 13garren postua lortu zuen, eta taldeka hirugarren izan ziren.
Juniorrei dagokienez, Eibarko XLI Udaberri Sarian aritu ziren Bazpi taldeko Jaime Romero eta Donosti Berriko Telmo Semperena astigartarrak. Hasi bezala, hirukote batek jo zion erasoari, baina Telmo Semperenak kontra erasoari ekin eta harrapatu egin zituen. Haien atzetik zijoan talde buruan hainbat zauritu izan ziren eroriko baten eraginez, eta tartean, Romerok min hartu zuen eskuan, eta erretiratu egin behar izan zuen. Ihesean zijoaztenek, berriz, lehian jarraitu zuten, eta azkenean, Semperena bosgarren izan zen, eta Lizarteko Diego Uriarte izan zen garaile.