Ikasleen emanaldiaren atzetik, Inude eta Artzainena

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 2a, 01:00

Herri eskolako ikasleak atzo hasi ziren Inauteriak ospatzen, eskolan egindako hainbat ema­naldirekin. Gaur, herri oso­­an izango da giroa, eta bihar, Inude eta Artzainen konpartsak izango du protagonismoa. Goizeko 11:30etan jarri dute hitzordua Ergobiako plazan, eta kalejiran abiatuko dira Astigarragako Joseba Baran­diaran plazara.

Ondoren, 12:30etan plaza dantza saioa egingo da bertan. Euria egiten badu, berriz, guztia Kontxa Etxeberria plazan egingo da 12:00etan hasita.

100 lagun inguru, dantzan, danborrak jotzen eta mozorrotuta
Astigar Dantza Taldeak 2002an  antolatu zuen Inude eta Ar­tzainen konpartsa aurreneko aldiz, eta ordutik, urtero atera dira dantzari eta pertsonaia guztiak kalejiran, 2012ra arte. Azken urteetan, ordea, gaia al­datu, eta Goizueta, Oria eta Lan­tzeko Inauteriak ekarri izan dituzte herrira.

Baina, aurten, Inude eta Artzainen konpartsa berreskuratzea erabaki dute, «parte-hartze zabalagoa eskaintzen baitu», azaldu dutenez.

Horrela, 100 lagun inguru aterako direla jakinarazi dute. Konpartsaren buru, Mikeleteak izango dira, eta haien atzetik joango dira txistulari eta trikitilariak, apaiz eta monagiloak, mediku eta erizainak, eskola umeak eta Andereño, lore-zainak, Inude txikiak eta kotxe kapotak, Inude eta Artzainen paperean dantza egingo duten 64 dantzariak, 30 bat danbor-jole eta txaranga, okinak, piruletero eta barkilleroak, bañistak, arrantzaleak, dama eta gizon dotoreak, eta azkenik, alkate jaun eta anderea.

Jantziak, dantza taldeak
Entsaioak ere eginda, dagoeneko dena prest dago Inude eta Artzainen konpartsa bihar kaleak alaitzera ateratzeko.
Dena den, Astigar Dantza Taldeko kideek jakinarazi dute pertsonaiaren baten paperean sartzeko jantziren bat libre geratzen dela oraindik, eta gogoa duenak aukera daukala, parte hartzeko.

Izan ere, helburua da herritar guztiek Inauteri giroarekin bat egitea, eta dantzariekin batean, taldekoa ez izanda ere, konpartsan parte hartzea. «Guztiak animatu nahi zaituztegu (haur, gazte, heldu..) gurekin batera hainbat pertsonairi bizia ematera». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!