Orain arte gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egindako lanaren ebaluazioa eta egoeraren diagnostiakoa egingo duela jakinarazi du Udalak. Udara bitartean egingo ditu lan horiek, eta datuak biltzeko hainbat elkarrizketa eta tailer egingo ditu.
«Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko Udalaren konpromisoa sendoa» dela azaldu du, eta «horren lekuko dira azken urteetan zehar egindako berdintasunerako bi planak eta duela hilabete batzuk bere ibilbidea hasi zuen Berdintasun Saila, teknikari berriaren kontratazioari esker». Horrez gain, nabarmendu dute berdintasuna sustatzeko asmoz martxan jarri direla hainbat jarduera, «herrian eragiteko helburuarekin»; adibidez, Udalean genero ikuspegia txertatzeko eta hizkuntzaren erabilera ez sexista bermatzeko egindako lanketak edota Martxoak 8 eta Azaroak 25 bezalako egun esanguratsuetan antolatutako ekimenak, «sentsibilizazioa areagotzeko».
Plana bukatuta, ebaluazioa
Hain zuzen, ekintza horiekin guztiekin, eta, bereziki, teknikaria kontratatu eta Berdintasun Saila sortzearekin batera, Astigarragako II. Berdintasun Plana bukaerara iritsi da, eta egindako lana ebaluatzeko prozesua jarriko da martxan, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean eta Emakunderen babesarekin.
Udara bitartean, batetik, Planaren beraren ebaluazioa egingo da, eta bestetik, emakumeen eta gizonen berdintasun egoeraren diagnostiakoa egingo da.
Bi lan horiek egiteko, hainbat iturritatik jasoko dituzte datu kuantitatiboak. Baina informazio kualitatiboa ere bilduko da, eta horretarako, hainbat bide erabiliko dira. Batetik, datu estatistikoak eta Udalaren barne eta kanpo dokumentuak aztertuko dira. Bestetik, Udaleko langile eta herriko eragile, elkarte eta norbanako ezberdinekin elkarrizketak egingo dira. Eta azkenik, apirilean lantalde ezberdinak osatuko dira, Udaleko langileekin, ordezkari politikoekin eta herritarrekin.
Herritarrentzat, tailer irekiak
Herritarrentzako antolatuko diren tailerrak irekiak izango direla nabarmendu dute, eta «gaiarekin interesa duen edozein herritar, eragile eta elkarte ongietorria» izango dela azpimarratu, «guztien ekarpenak beharrezkoak dira diagnostikoa behar bezala osatzeko». Laster emango da tailerrek inguruko informazioa.