«Zenbaitek oraindik ere ez dute jakingo, ni nengoela txorimaloaren barruan»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 2a, 01:00

1988ko otsailaren 13a zen, inau­terien larunbata Hernanin, eta jendea pilatu zen eguerdi par­te­an, Plazako txo­ko batean, Kale Nagusiaren eta iturriaren ar­te­an. Eta erdian, txorimalo bat. Panpina zen, edo norbait ze­go­en barruan?

«Zenbaitek oraindik ere ez dute jakingo, ni nengoela txo­ri­maloaren barruan», argitu du Iñaxio Sanz Zalakainek, istorio bitxiaren protagonistak: «lehen­gusu batek esan zidan, berak bazeukala txorimalo mozorroa, eta utziko zidala. Eta horrela, bururatu zitzaidan Plazaren erdian jartzea», azaldu du.

«Egiten zuen hotzarekin, gogor-gogorra geratu nintzen!»
Egun hartan, jantzita atera zen etxetik, goizeko 11:30ak aldera, emazteak lagunduta: «Plazara la­gundu zidan, mozorroa txu­kun jartzeko. Izan ere, makil bat neukan goiko aldean, alderik alde, alkandoraren bi maukak eutsiz. Noski, nik ezingo nuen egon besoak zabalduta hain­beste denboran. Besoak gorpu­tzaren kontra neuzkan, au­rre­ko aldean lotuta edo, mugitu ezi­nik. Buruan sare bat, eta txa­noa». Hori guztia jantzita jarri zen Plazan, geldi-geldi, propio aukeratutako txokoan: «egun hauetan eguraldi ederra dau­ka­gu, baina hori ez da ohikoa. Eta egun hartan, sekulako ho­tza egiten zuen, eguzkitsu egon arren. Beraz, eguz­ki­ak ematen zuen txokoan jarri nintzen», azaldu du berak.

Eta hala ere, komeriak izan zituen: «han geldi-geldi eta egi­ten zuen hotzarekin, gogor-go­go­rra geratu nintzen! Pen­tsa­tzen nuen, ezingo nuela han­dik mugitu gero!».

«Mendira joana nintzela esaten zuen nire emazteak»
Txorimaloa Plazan jarri bezala egin zuen alde, haren emaz­te­ak: «gero galdetu egiten zioten, lagunek eta, non nengoen. Eta mendira joana nintzela esaten zien berak. Horrekin, inor ez zen harritu».

Eta bitartean, saltsa sortu zen Plazan: «jendea galdezka zebilen, norbait ote zegoen txo­rimaloaren barruan. Batek esan zuen, nik badakit zein den, Lan­gile ikastolako andereño bat da. Ikutu ere egiten ninduten, han­ketan eta, ikusteko pan­pi­na edo pertsona nintzen. Mauketako lastoa ere kentzen zidaten, ea barrura zerbait ikusterik zeu­ka­ten. Eta gerora jakin nuen, udaletxean ere ez­ta­baidan ari­tu zirela, Manuel Fraile zine­go­tzia zena eta bes­te­ren bat. Frai­lek berak esan zidan, ordu­be­tez egon zirela leihotik begira!».

Izan zen, hala ere, ezagutu zuen herritar bat: «Maite zapa­tadendakoa bueltaka ibili zen, ea asmatzen zuen nor nintzen. Eta halako batean, nire zapa­tak ezagutu zituen. Berari erosita­koak ziren, baina 10 urte lehe­nago edo! Zapata zahar batzuk ziren, beltzak». Sekretua man­tendu zuen Maitek, hala ere: «ez zuen argitu nor nintzen, baina gero, nire emazteari esan zion, zapatengatik ezagutu nin­duela», kontatu du Sanzek.

Udaltzainetara laguntza eske, txorimaloz jantzita
Horrela eman zituen bi ordu eta erdi pasatxo, Plazan geldi­rik: «nik alde egin nahi nuen han­dik, trago bat hartu eta baz­kal­tzera joa­te­ko. Baina emaz­tea ez zen azal­tzen, eta ez neukan modurik, besoak askatzeko. Ordu biak paseak ziren. Eta zer egingo, eta udaltzainetara joan nintzen, Agustin anaia udal­tzai­na dela eta, berak aska­tze­ko. Hara sartu, eta anaia­ren­ga­tik galdetu nuen; eta haren lan­kideak oihukatu: Agustin! Txorimaloa etorri da, zuregatik galdezka! Eta anaiak erantzun: Falta nuena! Bi ordu hemen buel­ta eta buelta, zein ote zen txorimaloa, eta niregatik gal­dez­ka dator orain! Ikusi zue­nean ni nintzela, zur eta lur geratu zen!».

Behin anaiak askatuta, mo­zorrorik gabe atera zen kalera, «txandala neramalako azpitik»; eta inork ez zuen jakin, bera zenik txorimaloz jantzita egon zena. «Hala ere, gero joan ziren enteratzen pixkanaka. Baina seguru izango dela oraindik, misterioa argitu ez duenik».

«Espinetez jantzi nintzenean, lehertuta bukatu nuen eguna»
Inauterietan, askotan atera­ta­koa da Iñaxio Sanz, fami­lia­re­kin edo lagunartean, Beti Alpe­rrak koadrilaren konpar­tsa­re­kin, denak gai berarekin mo­zo­­rrotuta. Baina izan dira sal­buespenak: «behin, Maiteren senarrarekin, Pello­re­kin, atera nintzen tandem ba­te­an, paila­zoz jantzita, eta buel­taka ibili ginen, herri oso­an. Eta beste ba­tean, Espinetez jan­tzi nin­tzen. Lehertuta bu­ka­tu nuen eguna, ume guztiek nahi zute­lako nirekin jolastu!».

Bera txorimaloz jantzi ze­ne­an bezala, lehen bazen ohi­tu­ra, inauterietan zirika­tze­koa: «Etxeberri auzoan bazen tal­de­txo bat, urtero ateratzen zena, zerbait ezberdina prestatu eta saltsa jartzera. Patxi Flores, Pako Muriana, eta Alfonso eta Edurne Jabat ziren. Haiek pres­tatzen zituzten ederrak, inau­te­rietan!», kontatu du. Ohitura hori galtzen ari da, ordea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!