Bailarako beste herrietatik baino lehenago pasa dira Karnabalak Aranotik. Pasa den larunbatean ospatu zituzten, hori bai, eguraldi ezin hobearekin, aurreko urtean ez bezala. Santiotako eguraldiaren antzekotasun gehiago izan zuen zeruak eta tenperaturak, otsaileko festa batekin baino. Festa giroa eguraldiaren pare egon zen.
Goizean goiz abiatu ziren puxka biltzen Surotik, Izer eta Alabierrek lagunduta. Eta ondoren, elkarrekin egin zuten bazkaria Maisuenean. Mahaiaren bueltan berreskuratu zituzten indarrak zomorroek. Arratsaldean, berriz, zahagi dantza eta desfile ederra izan ziren; txikienek desfilatu zuten Maisuenean, Superheroiz jantzita, helduek lagunduta. Bertan ziren; Hulk, Son Goku, Superman edo Spiderman, besteak beste.
Eta desfilearen ondoren, herri afariarekin borobilduko zuten festa Orkestriña Band Jazpanarekin dantzan.