«Orain bi familia ditut; bat Saharan eta bestea Hernanin». Lelo hori jarri diote aurtengo Oporrak Bakean programari, eta martxoaren 31ra arte luzatu da izena emateko epea. Helburua da 10-12 urte arteko neska-mutil sahararrak uztaila eta abuztuan etxean hartuko dituzten harrera familiak lortzea.
Lehengo urtean 5 haur izan ziren Hernanin, eta aurten hiruk errepikatuko dute. Horietako bat, Fatma, Zigor Ena eta Sara Vitoresen etxera etortzen da.
«Uztailean lan eginda ere, gure artean moldatzen gara»
Zigor Enak bi alaba dauzka, eta hirugarren haurraren zain dago, bikotekidea haurdun baitago. Laugarrena, berriz, udaran iritsiko da, azken bi urtetan bezala: Fatma etorriko da saharar errefuxiatu kanpamenduetatik. «Aurten hirugarren urtea du», azaldu du. «Berez, azken aldia behar luke, baina sendagilearenetik pasa behar du; arrautzari alergia dio, eta asma dauka. Beraz, urte osorako tratamendua hemen jartzen diote. Gainera, bihotzeko pareta bat permeablea duela ikusi zioten iaz, eta aurten berriro begiratu beharko da, ea konpondu den...».
Udaran haur saharar baten harrera familia izatea bikotekideari, Sara Vitoresi bururatu zitzaion. «Geltoki batean ikusi zuen iragarkia. Baina biok egiten dugu lan uztailean, eta aurreneko urtean ez ginen animatu. Bigarrenean, berriz, udaletxean programaren ardura daraman Marijo Moranekin jarri ginen harremanetan, eta denon artean moldatu ginen. Ikaragarrizko giroa sortzen da haur sahararrak hartzen ditugunon artean. Eta udaletxeak jartzen dituen udalekuek ere asko errazten dute dena. Horrela, gu lanean garen bitartean, beste familia batekin bazkaldu dezake Fatmak, eta gero, asteburuetan, gurera etortzen dira hainbat haur. Beraz, gure artean moldatzen gara».
Denak, anai-arreba
Esperientzia «benetan aberasgarria» dela azpimarratzen dute. «Bai guretzat, bai gure seme-alabentzat eta baita haur sahararrentzat ere. Denek ezagutzen dute beste errealitate bat».
Udalekuetan haur sahararrek beraien arteko harremana mantendu dezakete, eta «hemengo anai-arrebak ere beraiekin joaten dira egun-pasak egiten direnean». Eta gero, harreman hori mantendu dute Fatmaren familiarekin ere. «Iaz izan ginen Saharan».
Izena, martxora arte
Hernanin harrera familia izateko, martxoaren 31ra arte eman daiteke izena Hernaniko Plaza Feministan, 943 33 70 17 telefonoan, edo marijo-m@hernani.eus helbide elektronikoan. Beste toki batzuetako herritarrek oporrakbakean.eus webgunean dute aukera.