Apiriletik aurrera sartuko da Renfe aldiriko trena, Mugi sisteman; eta horren aitzakian, MUGIpuzkoa ekimena jarri du martxan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA), «Mugi sistema herritarrengana gerturatu, eta Mugi txartela eta garraio publiko jasangarria sustatzeko».
Ekimenak, Hernanin egin zuen aurreneko geldialdia, asteartean; eta postua jarri zuten Plazan, herritarrek Mugi txartela egin ahal izateko. Asko izan ziren, gerturatu zirenak.
Garraioaren Agintaritzak eta Hernaniko Udalak azaldu dute, «2018an ia milioi bat bidaia» egin zituztela hernaniarrek, Mugi txartelarekin; 969.482 bidaia, zehazki. Eta nabarmendu dute, bidaia horien %67a (653.014 bidaia), emakumezkoek egindakoak direla, «Gipuzkoa mailan ematen ari den joerarekin bat eginez».
Hiribuseko bidaien %74a, Mugi txartelarekin
Era berean, azaldu zuten, Hernaniko Hiribusean 36.310 bidaia egin zirela, eta horietatik %74a, Mugi txartelarekin egin ziren. «Horrek erakusten du, zerbitzua egonkortzen ari dela», nabarmendu dute. 2013ko datuekin alderatuz, iaz 6.000 bidaia gehiago egin zituzten hernaniarrek, Mugi txartelarekin.
Apirilean, Renfe batuko da Mugi sistemara, «gipuzkoarren eta hernaniarren mesederako. Oso positiboa da Mugi sisteman batzea, Gipuzkoako garraio publikoaren sarea osatzen duten operadore guztiak», azaldu dute GGLAk eta Udalak.