Euskera ikasteko dirulaguntzen balorazioa egin berri du Hernaniko Udalak, eta aditzera eman ditu, 2017-2018 ikasturteko datuak. Horrela, jakinarazi du 80.332 euroko dirulaguntzak eman dituela guztira, eta 244 herritarrek jaso dutela laguntza hori. Diru kopuru horrek, %8,3ko igoera suposatu du.
Udalak azaldu du, herritar bakoitzak, gehienez ere, 500 euroko dirulaguntza jaso dezakeela ikasturteko, eta euskaltegiko matrikularen %70-90 artean jasotzen duela bueltan ikasleak, dirulaguntzekin.
Aditzera eman du, era berean, dirulaguntza horien zati haundiena, 71.181 euro, herriko euskaltegietan ikasteko izan dela, Udal Euskaltegian eta AEKn; eta gainerako 9.150 euroak, herritik kanpoko euskaltegietan ikasi dutenentzako.
Zentzu horretan, Udalak gogorarazi du: «euskaldundu edo alfabetatu nahi duten herritarrek, aukera zabala dute, herrian bertan egiteko. Udal Euskaltegian zein AEKn, eskaintzen dituzte ikasturte osoko aurrez aurreko ikastaroak, eta udako ikastaroak, eta ordutegi eta maiztasun desberdinak daude aukeran».
Saltokien zein ibilgailuen errotuluak eta webguneak euskeratzeko, laguntzak
Udalak jakinarazi du, bestalde, udal langileak euskalduntzeko ere egin zuela inbertsio bat, 3.674 eurokoa, 2017-2018 ikasturtean. Eta begirale edo zuzendari ikastaroa egitea ere diruz lagundu du Euskara Sailak: 13 lagunek eskatu dute, eta guztira, 1.708 euroko dirulaguntza eman diete; matrikularen %30.
Eta merkatariena da, euskeraren arloko beste partida bat. Saltokien eta ibilgailuen errotuluak euskeraz jartzeko, edota webgunea eta programa informatikoak euskeratzeko, dirulaguntzak ematen ditu Udalak; eta joan den ikasturtean, 11 saltokik eskatu zuten. Haientzako, 4.157 euroko dirulaguntza bideratu zuen Udaleko Euskara Sailak.
Itzulpen maleta, herriko eragileen eskura
Eta azkenik, gogorarazi nahi izan du, herriko eragileen eskura jartzen duela Udalak itzulpen maleta, antolatzen dituzten ekitaldietan euskera sustatzeko asmoz: «modu horretan, ekitaldiak euskera hutsean egin daitezke, eta gazteleraz soilik ulertzen duten pertsonek ere, parte hartu dezakete», nabarmendu du.
2018an, 24 saiotan erabili zen itzulpen maleta: Udalak antolatutako 10 saiotan, eta herriko eragileen 14 ekimenetan. «737 partehartzaile izan ziren guztira saio horietan, eta 68k erabili zuten itzulpena; %9ak», azaldu du Udalak.
Itzulpen maleta erabili nahi duenak, Euskara Zerbitzuarekin jarri behar du harremanetan: euskara@hernani.eus.