EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartuta, oposiziorik gabe

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 28a, 01:00

Hasiera batean Pleno lasai xamarra izango zela bazirudien arren, eztabaida piztu egin zen azkeneko puntuetan, hau da, bizikidetzari zegozkionetan.  

EAJk aurkeztutako mozio bat izan zen eztabaida ireki zue­­na, eta aurreneko pausu ho­­rri, EH Bilduren «kontra­mo­zioak», oposizioak deskribatu zuen bezala, borobildu zuen Plenoa. 

ETA eta haren inguruaz, EAJ
ETAk eta haren inguruak eragindako ekintza biolentoak eragindako sufrimendua ai­tor­tze­ko mozioa izenburupean aurkeztu zuen EAJk testua. Andoni Amonarraiz bozeramaileak azaldu bezala, «testu honen oinarria EAJk 2017an aurkeztutako testu bat da; ho­rri gainontzeko taldeen proposamenak erantsi zaizkio, bai­na badirudi ez garela adostasun batera iritsi». Ha­ien ustez, «pausoa emateko garaia da, egun erakunde honek bere egin ez dituen sufrimendu batzuk izendatu eta ikusarazteko unea da». 

Baina ez zen hala izan, eta EAJ, PSE-EE eta Orain Her­na­niren aldeko botoekin, eta EH Bilduren kontrako botoarekin, mozioa ez zen onartua izan.

Botoaren azalpena aurretik eman zuen Luis Intxauspe alkateak EH Bilduren izenean: «Aran­zadiren lanaren aurkezpenean denok be­rre­tsi genuen landuko dugun memoria integratzailea eta ez baztertzailea izango dela. Halaber, erreparazio ekintzak denon ar­tean adosteko konpromisoa ere har­tu genuen. ‘Erreko­no­zi­mendu integrala, biktima guz­tiena, inklusiboa’, esan ge­nuen aho batez or­duan», azaldu zuen Luis Intxaus­pe alkateak. 

Eta EAJri egotzi zion: «konpromiso hori plazaratu eta hilabete eskas batera aurkeztu duen mozioa ez dator bat Bizikidetza Mahaian adostutakoarekin. Inongo lanketarik gabe, kutxatik atera du 2017tik gordeta zeukan testu bat, eta biktimario bat kontuan har­tzen duen erreparazio ekintza bat proposatzen du hauteskundeen atarian».

Hori entzutearekin, hitza es­katu zuen Ricardo Crespo PSE-EEren bozeramaileak: «EH Bilduk badaki urte eta piko daramakiela bueltaka mozio honek».

Ildo beretik aritu zen Jaione Aristregi, Orain Hernaniko bo­ze­ramailea: «EH Bilduren udal gobernuak testuaren bukaera oztopatu besterik ez du egin, elkarrekin aurkeztea eragozteko, nahiz eta gainontzeko taldeek akordioetara iristeko na­hia irmoa izan».

«2014tik talde politiko guztiak lanean ari gara bizikidetza hobetze aldera [...]», gogorarazi zuen Amonarraizek: «ba­daki­gu Plenoaren errekonozimendua iritsiko dela, baina legegintzaldi honetan izatea nahi genuke; batetik, lau taldeek lan haundia egin dugulako bizikidetzaren alde [...], eta bestetik, [...] EH Bildu alkate­tzan egonda emango liokeen indarragatik». Eta onartu zuen: «etsi­tuta eta triste gaude».

Hori horrela, oposizioko hiru taldeek Pleno aretoa utzi, eta EH Bilduk bakarrik aurkeztu zuen haiek aurkeztutako mozioa: Biktimen errekonozimendu integratzailea eta ez-baztertzailea adosteko mozioa.

Prezio publikoak orokorrean, gora
Horiek ez ziren gai bakarrak izan, ordea. 2018-2019 ikasturteko Prezio Publikoen eta Tasen Ordenantza Fiskala aldatzeko proposamena egin zuen udal gobernuak: «orokorrean %1a igotzea proposatzen dugu», azal­du zuen Isa Sanchez zinegotziak. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten. Aho batez onartu zuten, ordea: udal eraikinen garbiketa zerbitzua lagatzeko kontratua, udal etxebizitzak alokairuan emateko oinarriak, SEADen 43.urteurrenari buruzko erakunde adierazpena eta Martxoaren 8ko grebaren inguruko mozioa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!