Aztiker Ikerguneak egin zuen 2018an zehar, Euskara Ari Duren Baietz Hernanik! erronkaren jarraipena, inkesten bitartez. Eta jasotako emaitzekin, txosten mardula osatu du.
Emaitza horiek aurkeztuko ditu gaur, herritarren aurrean, arratsaldeko 19:00etan Biterin egingo duten saio irekian.
Datu ugari emango dituzte bertan, soziodemografikoekin hasita. Izan ere, erronkan parte hartu zuten 1.117 hernaniarren artean, %63,9a emakumezkoak dira, eta 30-44 urte bitartekoa izan da erronkalari gehien izan dituen adin tartea (%44,8). Gainera, partehartzaile guztietatik, 986 dira euskeraz badakitenak; eta 131, ulertu bai, baina hitz egitea kosta egiten zaienak. Hartu duten erronka, kasu gehienetan (%30,1), izan da bizitzako harreman guztietan euskeraz egitea, eta besteei ere euskeraz egiteko eskatzea.
Erronkalarien %71,8ak, «beti edo gehienetan euskeraz»
Eta betetze-mailari dagokionez, erronkalarien %71,8ak azaldu du «beti edo gehienetan» egin duela euskeraz; eta %25,5ak, erdi eta erdi egin duela euskeraz eta erderaz.