Festa giroa nagusitu zen Galarretan, larunbat arratsaldean, Erremontearen Eguna ospatzeko. Harmailak bete eta giroa jarri zuten zaleek, kantxako ikuskizun ederraz gozatu ahal izan zuten; bai erremontisten aldetik, eta baita dantzari zein musikarien eskutik ere.
Goikoetxea V eta Labaka nagusitu ziren aurreneko partiduan (35-23); eta Zeberio II eta Endika Barrenetxea hernaniarra, estelarrean (40-30). Azpiroz baino gehiago izan zen Barrenetxea, eta Zeberio sekulako mailan aritu zen, 16 tanto egin eta bat bera ere galdu gabe, Uterga aurrean izan arren.
Eta partidu bakoitzaren ondoren, banatu zizkieten sariak, aurreko denboraldiko onenei: B multzoko erregularrena izan da Jagoba Labaka, eta A multzokoa Xanti Uterga. Baina Urrezko Erremontea, beste behin, Javier Urrizak jaso zuen.
Sarien, Amets Arzallusen bertsoen, eta dantza ikuskizunaren ondoren, iritsi zen eguneko sorpresa nagusietako bat: hiru hiruren kontrako partidua. Lehia berdindua izan zen, eta ederki aritu ziren hirukoteak, baina azkenean, Larrañagaren sakeek eta Ezkurra IIren mailak agindu zuten, eta 35-30 nagusitu ziren, Segurolarekin.
Lehenengo bi partiduek azken traka ederra jarri bazioten aurreko denboraldiari, hirukoteen partiduak eta ondorengo luntxak, aurreneko trago onena eskaini zieten zaleei, denboraldi berri honetarako.