Ezin gogorragoa izan zen, atzo Hernanik jaso zuen porrota, Urbietan. Jaun eta jabe izan zen aurreneko zatian, eta alde haundiarekin iritsi zen atsedenaldira (6-24), Diego Lavin, Xabier Garmendia eta Oier Garmendiaren entsaioekin. Baina ezinean aritu zen bigarrenean: zigor kolpe bat besterik ez zuten gauzatu trikoloreek.
Eta denbora beteta zegoela iritsi zen okerrena; irentsi ezineko postre garratza: Hernani bat gutxiagorekin ari zela, bi entsaio lortu zituen Gernikak, 80garren minutua gaindituta, eta 29-27 nagusitu zen. Azkeneko aukera bat izan zuen Hernanik, Anartz Elosegiren oinetan, baina oso urrutitik, zelai erditik ia, ezin izan zuen zigor kolpea gauzatu hernaniarrak.
Horrela, defentsako bonusa izan zuten kontsolazio bakarra trikoloreek, oso garrantzitsua zen partiduan.
Jaitsierako lehia, oso estu
Atzoko garaipenarekin, 23 puntu dauzka Gernikak, eta partidu bat gutxiago. La Vilak ozta-ozta galdu zuen Alcobendasen (42-40), eta 27 punturekin dago; eta Hernani 29rekin. Borroka gogorra daukate bukaerara arte, eta konpromiso zailak.