Beste urte batez, modurik onenean egingo diete ongietorria, Hernaniko inauteriei. Hasiera ofiziala baino bost egun lehenago, bi zita berezi izango dira gaur: Inude eta Artzainen konpartsa, eta Musika Bandaren kontzertua.
Goizeko 11:45etan abiatuko da aurrenekoa, Urumea ikastolatik. Sandiusterrira igo, eta Elkano kaletik sartuko dira Plazara. Hortik aurrera, Kaxkoan barrena ibiliko dira 170 haur inguru: 46 dantzari, eta garai bateko pertsonaiak; globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, sendagileak...
Andre Kaletik jaitsiko dira Zinkoeneara, eta Izpizua kaletik igo Urbieta kalera, gero Kale Nagusira sartu eta Plazara bueltatzeko. Zenbait tokitan dantzatuko dute, Plaza Berrin eta Zinkoenean esaterako; baina Plazan antzeztuko dute ekitaldi nagusia: haur jaioberriei txertoa jarri, eta udaletxeko agintariei aurkeztuko dizkiete, haien izenak erregistroan idatzita gera daitezen.
Ibilbide osoan zehar, lagun izango dituzte txarangako musikariak, eta 50 bat ikaslek osatutako danborrada.
«Tradizio haundiko egunean nobedadeak», Musika Bandak
Inude eta Artzainen konpartsarekin batera aterako da Hernaniko Musika Banda ere; eta ondoren, inauteriak iragartzeko kontzertua eskainiko du, 13:00etan udaletxeko arkupeetan. Jorge Pachecok zuzenduta, inauterietako abesti herrikoiak joko dituzte; Diana, Isabelita, Galtzaundi edota Irureta, besteak beste. Baina aurreratu dute, «tradizio haundiko eguna» izan arren, «nobedadeentzako tokia» ere izango dela gaurkoan: Paotxa habanera estreinatuko du Musika Bandak, kontzertuan bertan. Jon Esnaola tolosarrak konposatu du abestia, aitonari eskainia.
Martxoaren 1ean izango du inauterietako beste kontzertua Bandak, 19:30etan Biterin.