Egun berezia izango da gaurkoa Galarretan, Erremontearen Eguna ospatuko baita bertan, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. Herritar guztiei erremontea gerturatu eta erremontearekin gozaraztea helburu duen eguna denez, sarrera debaldekoa izango da.
Hiru, beste hiruren aurka
Hainbat osagaik egingo dute berezi gaurko jaialdia. Hasteko, erremontista guztien aurkezpena egingo da. Era berean, zozketak, sari banaketak, partidu bereziak eta luntxa izango dira.
Hain zuzen, partiduei dagokienez, Goikoetxea V-Labaka eta Aldabe-Zubiri izango dira jokatzen aurrenekoak. Bigarren partiduan berriz, estelarrean, aurrez aurreko polita espero da Uterga eta Azpirozek osatutako bikotearen eta Zeberio II eta Barenetxea IV hernaniarrak osatutakoaren artean. Eta azken norgehiagoka ezin bereziagoa izango da, hiru hiruren kontrakoa: Segurola, Ezkurra II eta Larrañagaren hirukoa, Ansa II, Matxin III eta Agirrezabalaren aurka.
Bukatzeko, A eta B kategorietako erremontista erregularren sariak banatuko dira, eta Urrezko Erremontea saria.
Hernaniar eta Kronikaren irakurleek, abantailak
Galarreta kudeatzen duen Oriamendi 2010 enpresa, Hernaniko Udala eta Kronikaren artean sinatu berri den hitzarmenari esker, gaurtik aurrerako partiduetan ere aukera polita izango da erremonteaz gozatzeko: %50 eta %60 arteko deskontua izango dute hernaniarrek partidu guztietan, nortasun agiria erakutsita.
Era berean, Kronikak astero banatuko ditu sarrera batzuk, debalde.