«EAJk Urumea Berriko promotoreari Ergobian etxebizitza gehiago egiteko aukera bermatu nahi dio»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 23a, 01:00

dbha eraikitzeko lurzoruaren gaia izan zen aurreko asteko bileran Udalak landutako ga­ietako bat, eta hori da, hain justu, EH Bilduk ohar bidez landu duen gaia.
Bertan azaltzen duenez, «2018ko azaroaren 28an, EH Bilduren ekimenez eta PSE-EEk babestua DBH kanposantuaren azpialdean kokatzea berretsi zen». Hortaz, Plenoa­ren ordezkaritzaren gehiengoak, egun dagoen planteamenduarekin jarraitzeko eskatu zuen, baina «EAJ DBHk Ergo­bian izan behar duenarekin tematua dago». 
Horren aurrean, udal-arkitektoak eta aholkulari juridikoak txosten bana egin zuen: «Bi txostenek kanposantu azpialdekoa lehenetsi eta Ergobiako kokapena gaitzesten dute», dio EH Bilduk. 

Gainera, EAJk proposatutako lekua, 100 urtealdiko uholde-arrisku eremuan zegoela ikusita, EH Bilduk URAren txostena eskatu zuen. Haiek diotenez, erantzunak honela dio: «100 urteko errepika-denborarako uholde arriskua gu­nean proposatzen den ikaste­txea ez litzateke onargarria izango». 

Kezkagarritzat jo zuen hori guztia EH Bilduk, baina denborarekin kezka hori areagotu egin dela dio: «EAJk DBH gaia ez politizatzeko dio baina bera da, teknikari eta erakunde desberdinek idatziz diotenaren aurka, DBH Ergobian izan behar duela dioena». 

Beste kontu bat ere kritikatu dute: «legealdi hasieran, aho bete hortz, DBHk lehentasuna zuela adierazten zuen. Orain, Hezkuntza Sailak DBH Astigarragan egiteko erabakia hartu ez duenez, presarik ez dagoela babesten dute». Haien ustez, «Astigarragak bere etxeko-lanak egin bitartean Hez­kuntza Sailak ez duela DBH egiteko erabakia hartuko. Uda­lak, lehenengo, lurra eskuratu eta hiritartu behar ditu.  Agian Hezkuntza Sailak zein EAJk ez dute herrian DBH izateko presarik, baina herriaren aspaldiko eskaria da eta denborak aurrera egiteaz gain, pazientzia agortuz doa».

Beren ustez, horren atzean pixuzko arrazoia dago: «Uru­mea Berriko promotoreari he­rrian etxe gehiago egiteko esku­bidea aitortu nahi dio. DBH bideratzeko aitzakiarekin ez bada, uholdeei aurre egiteko lanetarako finantziazioa behar delako». 

EH Bilduk  eskatu die: «gehi­en­goak erabakitakoa errespeta dezala eta berehala martxan jar dezala DBHko partzelaren erosketa eta hiritartzea».
Era berean, Hiri Hezi­tzailearen proiektua kritikatu dute. Eta aurreko legegintzaldiarekin alderatzeko, datu bat aurkeztu dute: «aurreko legealdian, eskolan bakarrik, EH Bilduk 2.250.294€ inbertitu ba­zituen, EAJk legealdi honetan 289.387€, 87,1% gutxiago». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!