Bilboko Portuan langile bat hil zen asteartean, ikatza deskargatzeko lanak egiten ari zela. Garraiatzen ari zen zama modu bortitzean mugitu zen, eta 43 urteko portugaldarra garabitik erori zen, bost edo sei metrotik. Azken hamahiru hilabeteetan Bilboko Portuan hil den hirugarren langilea. ELA sindikatuak oharra bidali zuen istripuaren xehetasunak emanez, eta azaldu zuen «prekaritatea» dagoela ezbeharraren jatorrian. «Portuan, bereziki, faktore asko batzen dira: lan baldintza kaskarrak, lan erritmo bortitzak, eta lanbide honek berez duen arrisku maila handia». Sindikatuak garbi utzi zuen, ordea, langileak hogei urtetik gorako esperientzia zuela bere lanpostuan, eta makina erabiltzen bazekiela. ELAko afiliatua zen. Sindikatu guztiak bat datoz «prekaritatea hiltzailea da» adierazterakoan.
Azken urteetan joera goranzkoa da bai lan istripuetan, heriotzetan eta lan gaixotasunetan
Urtea hasi denetik gutxienez zazpi lagun hil dira lanean ari zirela, LABek bere webgunean duen kontagailuaren arabera. Aurreko istripu hilgarria otsailaren hasieran izan zen, Zizurkilgo ULA enpresan. Pieza baten kolpearen eraginez hil zen 43 urteko gizonezkoa.
ELAk dio laneko ezbeharren arrazoi nagusia lan baldintza eskasak direla, «lan-erreformak baliatuz patronalak ezarria, eta aldi-baterakotasun, azpikontratazio eta gehiegizko lan-erritmoen hedatzea nahiz laneko segurtasun eta osasunean enpresen desinbertsioa eta betegabetzeak dakartzana, hain zuzen». Horregatik, Osalan eta Lan Ikuskaritzak gertatutakoaren berehalako ikerketa egiten dezaten eskatzen du ELAk, azken istripu honen jatorriak argitu eta egon litezkeen ardurak argitze aldera.
Egoeraren larritasunaren aurrean, laneko heriotzak ekiditeko bidean Lan Osasun politikak aldatzeko erakunde publikoen borondate falta salatzen du ELAk. Halaber, patronalarekiko adostasuna salatu, enpresak behartzeko neurriak ezartzeko baliabideak berehala handitzea, eta arlo honetako elkar-hartze politikekin behin betiko apurtzea eskatzen du sindikatuak.
ELAk enpresa eta lantokietan antolatzera deitzen du euskal langileria, ekintza sindikala eta mobilizazio soziala indartu, eta 2018an Euskal Herrian 65 pertsona baino gehiagoren heriotza eragin zuen gaitz hau behin betiko desagertarazteko.
Azken hamabost urteotako lan istripuen bilakaera aztertu du UGT sindikatuak. 2000. urtean lan istripuen ondorioz langileek hartzen zituzten gaixoaldi-bajen joera jaitsierakoa izan zen 2012. urtera arte. 2013an baina, aldaketa eman zen eta hazi egin ziren gaixoaldi-bajak; 2014an are gehiago. «Eta urtetik urtera gora joan dira azken urteotan». Lan erreformak eragina izan duela argi eta garbi dute sindikatuek. Bai lan istripuen ondorioz hil diren langileetan eta lan istripuen ondorioz gaixotasun baja hartu behar izan duten langileetan.
Lan osasunera EAEan aurrekontuen %0,01 bideratzen da eta Nafarroan %0,03
Prekarietateak hiltzen jarraitzen du; istripuen erdia kontratuaren lehen bi hilabeteetan ematen da. ELA, LAB eta UGT sindikatuetan argi dute «lan-harremanetan estrukturala bihurtu diren prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude heriotza hauen oinarrian: lan-erreformak, behin-behinekotasuna, kontratu partzialak, lan erritmo itogarriak… Zentzu honetan bada datu esanguratsu bat: lan-istripuen erdia kontratuaren lehen bi hilabeteetan ematen dira, eta hildakoen herena azpikontratetan».
«Prekarietateak hil egiten du, eta prekarietatearekin amaitzea da arazo honi irtenbide bat emateko modu bakarra», diote sindikatu nagusiek. «Ia ez da dirurik bideratzen lan osasunera, aurrekontuen %0,01 Euskal Autonomia Erkidegoan eta %0,03a Nafarroan. Eta kopuru horren zati handi bat eragile sozial jakin batzuen jarduna bermatzea du helburu. Erakunde publikoek begiak ixten dituzte. Ez dute enpresarien interesen aurka doan ezer egiten, eta hauek arauak behin eta berriz hautsi arren ez dago ez behar adina kontrolik ez zigorrik. Enpresa askori errentagarriagoa zaie isunak ordaintzea neurri eraginkorrak hartzea baino».
Sindikatuen esanetan, ekintza sindikal eraginkorra da langileok dugun tresnarik onena. «Etxera bizirik heltzeko eskubidea bermatuko duen enplegu duina eta kalitatezkoa lortzea da lehenenego helburua. Honekin batera, funtsezkoa da lan osasun politikak errotik aldatzea. Horretarako, noski, ezinbestekoa da, besteak beste, lan-osasunera bideratutako baliabideak haunditzea eta enpresen gaineko kontrola areagotzea».
LAN ISTRIPUAK
Hildakoak Euskal Herrian urtez urte
l 2007: 125
l 2008: 112
l 2009: 85
l 2010: 84
l 2011: 80
l 2012: 56
l 2013: 35
l 2014: 35
l 2015: 54
l 2016: 51
l 2017: 53
l 2018: 68
Hildakoak Espainian urtez urte
l 2007: 1167
l 2008: 1065
l 2009: 831
l 2010: 757
l 2011: 716
l 2012: 564
l 2013: 558
l 2014: 580
l 2015: 629
l 2016: 607
l 2017: 618
l 2018: 652