2016ko martxoaren 8an kaleratu zuen Huntza taldeak aurreneko abestia: Harro gaude. Martxoaren 19rako dagoeneko 10.000 ikustaldi izan zituen Youtuben, baina txiki geratu zen kopuru hori Aldapan gora argitaratu zutenean. 8 milioitik gora ikustaldi ditu egun, Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi taldeko kideek «imajinatu ezin» duten kopuru bat. Bi hernaniarrek, Josune Arakistain, Aitzi Eskisabel, Inhar Eskisabel eta Peru Altuberekin batera osatzen dute Huntza taldea.
2018ko Durangoko Azokarako kaleratu zuten beren bigarren diska, Xilema, eta urtarrilaren 25ean abiatu zuten honi dagokion bira, Eskozian.
Martxoaren 8an hiru urte beteko dira Huntzaren aurreneko agerraldia izan zenetik. Nola laburbilduko zenituzkete hiru urte hauek?
Uxue: Kaotikoak eta intensoak.
Aitor: Gauza asko pasa dira; pasa diren gauza horiek potenteak izan dira eta pasa dira denbora gutxian.
Martxoak 8a zuentzat berezia da orduan, ezta? Horren inguruko abestia duzue, eta Madrilgo manifestazioan izan zineten iaz. Horrez gain, emakumeen inguruan asko abestu duzue, eta hain justu, bi emakumek jartzen diozue ahotsa Huntzari.
- Uxue: Edozein kantatan beti saiatzen gara protagonista edo ahotsa emakumeena izaten.
- Aitor: Hori da, genero ikuspegia sartzen.
«Lehenengo kontzertuetan egon ziren 7 pertsona, eta denak ziren nire klasekoak edo baten aita edo bestearen lehengusua»
Pentsatzen dut ez dela kasualitatea… Huntzaren zutabeetako bat al da?
- Aitor: Bai, dudarik gabe. Harro gaude kanta atera genuen propio martxoaren 8an; hitz egiten zelako garai batean eszenatokira atera ziren emakume horien inguruan.
- Uxue: Iazkoa, bigarren kanta, ez da mugatzen eszenatokiko emakumeetara, baita ere, egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzetara: pauta batzuk dauzkagula jarrita, jendeak esaten digula zer egin behar dugun, zer izan behar garen…
- Aitor: Bideoklipa martxoaren 8ko greban grabatu genuen Madrilen, han kontzertua genuela aprobetxatuz. Hori ere genero ikuspegitik; ez da kasualitatea gu, gizonezko taldekideak, ez ateratzea bideoklipean, erabaki konsziente bat izan zen. Lehenengo pausoa da gizonezkoek lekua uztea; emakumeen inguruan hitz egin ordez, isiltzea eta atzera pasatzea.
Hiru urte hauetan izango duzue momenturik bereziki gogoratzen duzuena, ezta?
- Aitor: Niretzat oso polita izan zen eszenario haundi batean eman genuen aurreneko kontzertua. Iruñean izan zen 2016ko uztailaren 11n. Herrikoaren bitartez lotu genuen kontzertua izan zen, azpiegitura aldetik ez zen kontzertu haundia izan. Baina niretzat oso berezia izan zen.
Handik urtebetera, Iruñean eman genuen kontzertu bat egun igualean, baina Aldapan Gorarena pasa ondoren, harresiaren ate batean eta kristoren jendetza izan zen. Pentsatu nuen: urtebetean hau guztia…! Eta oso emozionantea izan zen niretzako.
- Uxue: Orduan konturatu ginen benetan zenbat gauza aldatu ziren, zenbat jenderengana iritsi ginen. Izan ere, lehenengo kontzertutan egon ziren 7 pertsona, eta denak ziren nire klasekoak edo baten aita edo bestean lehengusua.
- Aitor: Dena den, ni kontzertuetako gauza pila batekin gogoratzen naiz.
- Uxue: Hori da, kontzertu bakoitzak gauza desberdinak ematen dizkizu. Kontzertutaz aparte ere bai, Aspanogiko umeekin ospitalera joan ginenekoa daukat gogoan.
Eta zer esango zenukete geratzen zaizuela egiteko?
- Aitor: Oporrak hartu!
- Uxue: Eta lasai egon!
(Biak barrez).
Beti daude gauzak hobetzeko.
- Aitor: Hobetzeko bai, baina nik amets bezala, ez daukat beste ezer. Orain artekoa mantentzearekin… ni oraintxe hain beteta nago egin ditugun erokeriekin!
- Uxue: Etortzen dena etortzen dela, ongietorria izango da! Ez diogu jarri nahi meta bat.
- Aitor: Dena den, badaude ilusioa egiten duten gauza txikiak. Niri adibidez, EHZn jotzea gustatuko litzaidake eta Hernaniko Gaztetxean jotzeak ere ilusioa egingo lidake.
‘Xilema’ diska berria aurkeztu zenutan Durangoko Azokaren aurretik. Izen kuriosoa da, zergatik jarri zenioten?
- Uxue: Ez genekien ondo ze izen jarriko genion diskari. Orduan, Josune eta biok biologak garenez, landarearen eta huntzaren inguruan hitz teknikoak botatzen hasi ginen. Eta barre artean esan genuen: xilema. Eta besteek, biologoak ez direnek, esan zuten: ‘Xilema fonetikoki oso polita da’. Guk esan genuen: ‘ze lotsa hori jartzea’. Baina azkenean, halaxe geratu da.
- Aitor: sei garenez, bi kontra eta lau alde...
- Uxue: Eta ‘xilema’ da landareek daukaten garraio sistemako zati bat, gizakiok arteriak eta benak dauzkagun bezala, beraiek dauzkate xilema eta floema. Eta xilema izango litzake, kasu honetan, lurretik ura eta gatz mineralak xurgatzen dituztenean gorputzeko beste parte guztietara garraiatzen duen landarearen zatia.
Gerora sortu dugu metafora bat dioenean Huntzaren ‘xilema’, gure taldearena, betetzen dutela egon garen herri guztiek, ezagutu dugun jende guztiak, familiak, lagunek, ondoan daukagun jendeak… Huntzaren sistema guztiak, alegia. Zentzu polita bilatu diogu, fonetikoki polita izateaz gain.
«Huntzaren ‘xilema’, gure taldearena, betetzen dute egon garen herri guztiek, ezagutu dugun jende guztiak, familiak, lagunek, ondoan daukagun jendeak... Huntzaren sistema osoak»
«Trikitixa doinu gutxiago, osatuagoa, zaindua, mimo gehiagorekin egindakoa…» dela esan zuen Josunek aurreko astean Gure Kasan. Zuek ere hala uste duzue?
- Biek: bai, bai.
- Uxue: Pentsatuagoa, eta bilatuagoa da.
- Aitor: Denbora gehiagorekin egin dugu; ez nahi genuen denbora guztiarekin, baina bai aurrekoa baino denbora gehiagorekin. Pentsatuagoa eta gauzak aztertuagoak.
- Uxue: Hiru urte hauetan ikasi dugun guztiarekin. Hasieran talde bat ginen, eta orain ere bai, baina errespetu bat zor duzu. Presio puntu hori gainetik kentzea ez da izan lan erraza.
- Aitor: espektatibak zeuden.
- Uxue: Baina nik uste dut ondo erantzun diogula horri guztiari, eta gustora geratu gara.
Eta jendeak zer esaten dizue; lagunek, familiak…?
- Aitor: Niri iritsi zaiten guztia positiboa izan da. Izango da negatiboak ez digula ezer esaten...
- Uxue: Durangoko Azoka izaten da publikoarekin harreman haundiena daukazun momentua eta jende asko etorri zitzaigun zoriontzera. Alde horretatik, gustora geratu ginen.
- Aitor: Jendeari askotan gustatzen zaizkio gutxien espero ditugun kantak; alde horretatik, askotan ez dugu asmatzen!
Haientzat ere, aldaketa izan da Huntzaren arrakasta… ezta?
- Aitor: lagunek bazilatzen: ‘hemen dator famatua!’, barrez.
- Uxue: Gaizki ez.
- Aitor: Eta etxekoek pazientzia askorekin hartu behar izan dute, eduki ditugulako momentu oso gogorrak estresaren aldetik eta nekearen aldetik…
- Uxue: Eta ez da erraza hori kudeatzen. Aldi berean ere, gurasoak-eta oso harro daude gutaz. Gainera, planak egiten dituzte beraien artean.
- Aitor: Taldekoon gurasoak geratu izan dira afaltzeko nonbaiten denak batera eta gero kontzertua ikustera joateko. Oso kuriosoa da!
- Uxue: Eta lehenagotik, gureak izan ezik, ez ziren ezagutzen.
Zure kasuan, Uxue, zure ahotsa gehiago entzuten da diska honetan. Nolatan?
- Uxue: Hartu genuen erabakia kanta batean ni izatea lehenengo ahotsa, pixka bat aldatzeko. Eszenatokiaren gainean bigarren ahotsa egiten dut eta panderoa jotzen dut, eta nire papera defendatzeko ez da erraza. Egia da beste erantzukizun bat dela, eta presioa haundiagoa dela.
Hain justu, letrak ere zainduagoak direla aipatu duzue. Gizarteko gaietan erantzukizuna daukazue musikariek?
- Aitor: letrekin diska honetan eduki ditugu kristoren problemak. Igual horregatik neurri batean, erantzukizun haundia daukazulako jendeak entzungo dizulako jakin behar duzu zertaz hitz egin eta nola. Adibidez, gure taldean ez dago pertsona transexualik, orduan gu ezin gara hasi transexualitatearen inguruan jendeari lekzioak ematen.
- Uxue: Ez gara inor hori egiteko. Beti hitz egin behar dugu tokatzen zaigun tokitik.
- Aitor: Denuntzia bai, baina ez gara apropiatu behar beste batzuen borrokaz. Eta diska honetan hausnarketa haundiak eduki ditugu horregatik.
- Uxue: Baita ere, lehen esan dugun presio horretatik etorri daitekeena. Jendeak entzungo du letra eta fijatuko da letran.
- Aitor: Ikusten ditugu letra batzuk aurreko diskakoak eta orain ez genituzke horrela egingo.
- Uxue: Azkenean esperientziarekin ikasten duzu.
Kontzertuz kontzertu pasa dituzue urte hauek. Hernanin ere izan zarete, bi kontzerturekin: aurrenekoa 2017ko martxoaren 4an, Urumean; eta bigarrena, 2017ko ekainaren 26an, Atsegindegin. Bueltatuko zarete?
- Aitor: Bueltatuko gara, seguru! Ez dakiguna da noiz… Ni bereziki San Joanetakoan urduri nengoen, agian San Joanak zirelako; egun bereziak dira hernaniar batentzat! Kontzertua eta gero sekulako parranda bota genuen!
- Uxue: Beti ere, norberaren herrian jotzeak, jende ezagunaren aurrean… Askoz ere errazago egiten duzu txoroarena inork ezautzen ez zaituen toki batean, lotsagatik.
‘Xilema’ bira ere, oso modu berezian hasi duzue: Eskozian. Zer moduzko esperientzia izan da?
- Uxue: esperientzia polita izan da.
- Aitor: jende desberdinaren, zure herrikoak ez direnen aurrean jotzea beti da kuriosoa, ez dakizu nola erreakzionatuko duten.
- Uxue: Gainera, jaialdia mundu zelta horretan oso ezaguna zen.
- Aitor: jende ona zegoen, eta gero ginen gu! (barrez) Kristoren giroa zegoen, jende pilo bat…
Dena den, ez da Euskal Herritik ateratzen zareten aurreneko aldia: Argentina, Japonia, Uruguay, Paris… baina baita Madril, Burgos eta Katalunia ere. Hemendik kanpo aritzea oso desberdina al da? Publiko aldetik, adibidez.
- Aitor: Bai, kristorena. Bakoitza modu batekoa da.
- Uxue: Eta ez bakarrik hain haundi hartuta, Euskal Herrian herriaren arabera ere oso desberdina da.
- Aitor: oso desberdina da jendeak nola hartzen zaituen Ondarruan edo Azpeitian.
- Uxue: Eta gero Euskal Herritik kanpo ere, Argentinan, edo Japonian… oso desberdina da.
- Aitor: Argentinarrak oso entregatuak dira, oso intensoak… Eta eskoziarrak, aldiz, lasaiak.
- Uxue: Joaten dira gehiago entzutera eta ikustera.
- Aitor: asko fijatzen dira, baina ez dute asko transmititzen. Eta japoniarrak diferenteenak dira.
- Uxue: Harritzen zigun pila bat jendea joaten zela bakarrik gure kontzertuetara.
- Aitor: bat joan zen bakarrik motoan ez dakit zenbat kilometro eginda, zekizkien letra guztiak.
Horrelakotan, nola ezagutzen zaituztete?
- Aitor: Japoniaren kasuan, jendeak Youtubetik eta Tokioko euskal etxetik. Argentinan, euskal etxean jo genuenez, euskal munduarekin erlazionatutako jendea zen.
- Uxue: Argentinan askok ezagutzen gintuzten Aldapan gorarengatik. Niri harritu ninduen asko ez ginelako ezagunak egin Euskal Herrian bakarrik, ailegatu zela hareaino.
Hain justu, gure bideoklipean ateratzen da zarauztar bat, Amaia, gurekin Bilbon ikasi zuena eta Uruguayra joan zena Erasmusen. Han, etxe bat alokatu zuen beste batekin eta etxearen jabeak ezagutu zuen Aldapan Goran ateratzen zelako. Eta guri kontatu zigun, eta harrituta geratu ginen.
Youtuben izan dituen ikustaldiak begiratzen al zenituzten?
- Uxue: Bai, eta gu ez bageunden atento, beste bat egoten zen, eta esaten zigun: ‘ez dakit zenbat mila ya!’.
- Aitor: Atera genuenean Harro gaude martxoaren 8an, martxoaren 19an poz-pozik jarri nintzen 10.000 bisitara iritsi zelako. Hasieran bai ikusten genuela, gero bertigoa ematen zuen.
- Uxue: ‘Aldapan gora’ irratian atera genuen, eta ez genuen ezer jarri Youtuben; oraindik CDa ateratzeko zegoenez, irratian estreinatu genuen bakarrik. Jendeak eskatzen zigun Youtubera igotzeko.
- Aitor: Jendeak irratira deitu zuen abestia eskatzeko!
- Uxue: Orduan esan genuen: ‘bideoklipa egingo dugu’. Eta egin baino lehenago, galdetu genuen: ‘zuen ustez zenbat bisita izango ditu?’ eta esan genuen: ‘asko jota 40.000’. Urtea bukatzerako 100.000 egin zituen eta gu harrituta! Eta bat batean enteratzen zara 8 milioi dauzkala…
- Aitor: Nik 8 milioi ez dakit zer den. Ezin dut imajinatu zer den.
- Uxue: Eta igual nahiago dut ez imajinatu.
- Aitor: Esaten badidate: 20.000 pertsonek ikusi dute; Hernani bat. Ikusi dute 60.000 pertsonek; Irun bat. Baina 8 milioi… ez daukat erreferentziarik!
Birak bakarrik ez dizkizue sorpresak eman. MIN sarietako sei kategoriatan izan zarete izendatuak, eta lautan, finalistak zarete. Nola hartu duzue berria?
- Aitor: Niri, egia esan, ilusioa egiten dit. Hori da gauzak egin eta gero etortzen zaizuna. Hala ere, finalerdietara bakarrik iritsi gara eta oraindik ez dakigu zer pasako den. Ikusten nituen talde batzuk eta esaten nuen: ‘guk hauekin zertan lehiatu behar dugu?’.
Ilusioa egiten digu finalerdietara iritsi garelako jendearen botoengatik, eta horrek esan nahi du jendeak bozkatu gaituela. Eta ikusita ze zaila zen botoa ematea, harritu egin zidan.
Araeta Sagardotegiak ere eman zizuen saritxo bat...
- Aitor: (barre artean) Bertakoek antolatzen duten sari bat da, txantxa puntu batekin. Eta joan ginen, afaldu genuen eta oso ondo pasa genuen!
- Uxue: Eta txotxa ireki genuen! Zubietan ireki genuen txotxa, baina Hernanin oraindik ez... (barrezka).
Etorkizunean pentsatzeko tarterik izan al duzue? Bira izango duzue buruan, ezta?
- Aitor: Bira ixten ari gara; kontzertuak agian ez daude denak itxita, baina badaukagu planeatuta gutxi gorabehera udara nola nahi dugun izatea. Udaberrian kontzertu batzuk emango ditugu, gehiegi ere ez; batzuk Euskal Herrian eta beste batzuk Galizian eta Madrilen. Gero deskantsu bat daukagu San Antonioen aurretik, eta gero udaran, topera!
- Uxue: Eta gogoarekin! Orain arte egon gara estudioan sartuta, entsaiatzen…
- Aitor: Badaukagu gogoa ekintzetara pasatzekoa!
- Uxue: Ikusteko, baita ere, publikoak zer-nolako erreakzioa daukan bigarren CD honekin.
- Aitor: Oraindik ez dakigu jendeak letrak badakizkien edo ez, edo gustatzen zaion…
- Uxue: Gogoarekin gaude plazetan defendatzeko.
- Aitor: Eta gero, seguraski, kontzertu gehiago. Daramazkigu bi urte esaten oporrak hartuko ditugula, baina ez gara kapazak.
Beste diskarik baduzue buruan?
Oraingoz, ez. Sorkuntzan ez gara ezta pentsatzen jarri!